ALA moduzko ikuskizunarena da egun bizi dugun politikaren ezaugarrietako bat. Horrela, hurkoari edozer esatea; erdietsi gabeko adostasunen aurrean, ustez erabakigarria zarela nonahi erakustea; izurriteak eragindako arazoen aurrean, eremu desberdinetatik datozen eskakizun guztiekin bat egitea eta abar bilakatu da politikaren ardatz. Beraz, likidoa, ganorarik, zuztarrik eta etorkizun bakoa... Eta edonoren beroaldiak edota ateraldiak beste norbaitek esanikoak ezerezean lagatzen ditu.

Espainiako Parlamentuaren saioak ikusi besterik ez dago, herritarrek sostengatzen dituzten gainegituretan dabiltzanek zeinen maila eskasa duten ohartarazteko. Irtenbiderik? Bat ere ez! Deskalifikazioak, itxurakeriak, banderak eta abar, ugari! Guztiek herritarren kezkak, arazoak eta desirak omen dituzte ahapeka; gutxi dira kapaz, ordea, datorrenari behar den moduan oratzeko, bai eta adostasunak eta konponbideak proposatzeko ere. Herritarrek erabakitako ordezkaritza ez onartzea dago jarrera horien oinarrian... Eta jarrera horiek direla bide, hurrengo hauteskundeetan emaitzak emango dituztela uste izatea. Gero, lau haizeetara barreiatuko da herritarren eta politikarien artean tartea zabaltzen ari den osina, horri inolako aterabiderik ematen ez zaion bitartean.

Paparra erakutsi nahi du Pablo Iglesiasen alderdiak, Espainian aurrekontuak onartzeko prozesuaren harira... Eta berari ez badagokio ere, elkarrizketa saioa abiarazi du zenbait alderdirekin. Prozesu horretan baditu bidelagunak, ezer adostu aurretik, Madrilen kea saltzen ari direnak. Horrek prozesu oro zangotrabatzen, zailtzen duela? Berdin dio! Helburua ez baita zerbaitetara iristea, ikuskizuna eskaintzea edo nola halako protagonismoa bilatzea baizik. Bitartean, errazagoa den eremuan, Euskadin, akordioa ezinezkoa dela salduko da, nahiz eta Madrilen edota Nafarroan erdietsi daitekeen adostasun oro are apalagoa eta edukietan ia ezereza izango den.

Bitartean, herritarrek bozka bidez erabaki dutenari aurre egin beharko zaio, sindikatuen inplikazioa tartean dela. Horrela, Hezkuntzari dagokionez, inork gutxik esplikatuko du nola den posible Euskadin greba deialdia egitea, Espainiako gainerako erkidegoekin alderatuta, gehien inbertitzen den lurraldea hauxe bera denean edota, Galiziarekin batera, ratiorik txikiena gureak daukala, gainerakoetan deitzen ez denean! Sindikatuen aldarriak egiazkoak badira, zergatik ez dute eragile berberek grebara deitzen, Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian, ikasleko inbertitzen den dirua, ratioak, azpiegituretan enplegatzen dena eta abar askoz kopuru txikiagoak direnean? Eta zerbitzu publikoei buruz ari garenean, zergatik ez dugu langileen lan-baldintzez, baimenez, lanorduez, antolaketaz, lan-absentziaz eta abarrez hitz egiten, besteak beste, zerbitzu publikoak hobetzeko, berrantolatzeko, eskaera areagotzeko, inbertsioak gehitzeko eta horien eragingarritasuna indartzeko?