ASA den mendeko hirurogeita hamargarreneko bukaeratik aurrera, ugariak izan ziren eskuin muturreko taldeak ezkerreko militanteak akabatu eta hedabideen, alderdien zein bestelakoen kontrako erasoak antolatu zituztenak. Diktadura azkenetan zegoen eta zetorrenari aurre egiteko eta beldurra nonahi zabaltzeko egin zituzten horiek guztiak, estatuak eginahalak egiten zituen bitartean gertaera horien ikerketa zangotrabatzeko. Gerora, estatuak beste urrats bat egin zuen, gobernu zentralaren barrunbeetatik indarkeria antolatu eta sostengu politikoa zein finan-tzarioa eman zienean. Gerra zikinaren urte lazgarriak izan ziren, pertsonen kontrako izugarrikeriak egin ahal izateko aterpe segurua eskaini zutenak.

Gerra zikinak bi helburu zituen. Alde batetik, Frantziako Errepublikaren jarrera aldaraztea eta indarkeriaren kontrako estrategiara erakartzea. Beste aldetik, aterpetuen eremua kolpatzea, bidenabar, informazioa torturen bidez eskuratuz eta pertsonak desagerraraziz, hala eska-tzen zuen bakoitzean. Inozoa litzateke pentsatzea halako izugarrikeriak egin zirena orduko presidentearen ezagutzarik eta babesik tartean egon gabe, are gehiago, goi-kargudun politikoak (ministro eta estatu idazkari bat tartean) eta polizialak kartzelan amaitu zutenean... Eta, kartzelaren atarian, Felipe Gonzalezen besarkada estua jaso zutenean. Demokraziaren garaiko aldi lotsagarri horrek segitzen du alderdi sozialistaren ibilbidea lardaskatzen eta kateatzen, alderdi horrek segi-tzen baitu halakoen aurrean beste aldera begiratzen, inoiz halakoekin zer ikusirik izan ez balu bezala.

ETAren jardunaren irakurketa kritikoa eta autokritikoa egin behar den modu berdinean, besteak beste, argitu gabeko krimen ugari dagoelako, azaldu gabe dagoelako aldian-aldiko aginduak nork eman zituen, nork gauzatu zituen, nola finantzatu ziren eta horren arrimuan jazotako guzti-guztia, beste horrenbeste egin behar da estatuaren krimenei buruz ari garenean. Zor hori dago kita-tzeko, gizarteari azaltzeko, erantzukizunak onartzeko... Egiari zor, biktimei eta haien hurbilekoei zor zaie hori, estatuak du eginbehar hori sinesgarritasunik eskuratuko badu! Eta ez du balio aspaldiko kontuak direla azpimarratzea, karearen eta lurraren azpian, bazter batean lurperatzea. Printzipio hori bera erabil baitaiteke frankismoaren gehiegikeriez zein bestelakoez ari garenean.

Horrexegatik, garrantzitsua da estatuaren indarkeria ikertzea, bai eta estatuaren interesak gordetze aldera, Franco diktadorearen garaitik indarrean dagoen Sekretu Ofizialen Legea indargabetzea, demokraziarekin bat letorkeen eta are egokiagoa li-tzatekeen araubide batez ordezkatuz. Horrela, beharbada, besteak beste, argibideak izango genituzke diktadorea hil osteko garai historikoan jazo zirenei buruz; ustelkeriak jota dagoen monarkiaren nondik norakoei buruz; legezkoak ez ziren zenbait jarduera finan-tzatzeko asmoz, drogaren trafikoari eta estatuaren babespean antolaturiko indarkeriari buruz. Higiene kontua da!