12.000 euroko aurrekontua bideratuko du Amorebieta-Etxanoko Udalak euskal literaturaren inguruko azterketa eta hausnarketa kritikoa sustatzeko helburua duen Santiago Onaindia Ikerketa Bekaren 19. edizioa abiarazteko. Euskara hutsean idatzitako proiektu original bat garatu nahi duten norbanakoei eta ikerketa-taldeei zuzenduta dago.
Deialdi honen helburu nagusia da euskal literaturari buruzko ezagutza, azterketa edo ikuspegi berriak ematen dituzten lanak laguntzea. Proiektuak gehienez 18 hilabeteko iraupena izango du, esleitzen den unetik hasita, eta, epe horretan, bekadunek jarraipen-txosten bat aurkeztu beharko dute sei hilabetera, eta, amaitzean, lan osoa, formatu fisikoan zein digitalean.
Beka eskuratu ahal izateko, eskabidea egiteko orduan datu pertsonalak, inplikatutako pertsonaren edo pertsonen curriculum vitaea eta proiektuaren azalpen-memoria bat aurkeztu behar dira, azken hau proiektuaren interesa, aurreikusitako iraupena, kronograma, metodologia eta garapenerako aurreikusitako bitartekoez osatuta. Epaimahai kalifikatzaile bat arduratuko da proposamenak ebaluatzeaz eta deialdiaren helburuekin bat datorren hautagairik sendoena hautatzeaz.
Dokumentazioa irailaren 1etik urriaren 17ra arte aurkeztu ahal izango da, bai Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) aurrez aurre, bai udalaren egoitza elektronikoaren bitartez.
Espresuki baztertuko dira adimen artifizialaren bidez osotasunean edo partzialki sortutako lanak, egiletza pertsonala eta jatorrizko ikuspegia bermatzeko helburuarekin.
Dirulaguntzaz gain, Amorebieta Etxanoko Udalak beretzat gordeko du ikerketa lanaren argitalpen osoa edo zatikakoa egiteko lehenengo eskubidea. Horrela eginez gero, bekadunak uko egingo dio egile-eskubideak jasotzeari. Hala ere, bi urteko epean Udalak ez badu eskubide hori baliatzen, egileak lanaren argitalpena egin ahal izango du, jasotako beka aipatzen badu.
Edizio berri honekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak euskal kulturaren sustapenerako eta euskarazko sorkuntza intelektualaren babeserako duen konpromisoa indartzen du, euskal literaturan eta pentsamenduan funtsezko figura izan zen Santiago Onaindiaren ondareari jarraituz.