Azken bi urteetan egin bezala, Galdakaoko Udalak tokiko saltokietan eskola materiala erosteko dirulaguntzen deialdia jarriko du martxan aurten ere bai. Hala, datorren astelehean irekiko da eskaerak aurkezteko epea, eta hilaren 26ra arte egongo da zabalik.
Izapidea aurrez aurre egin ahal izango da, ESAN herritarren arretarako bulegoan, edo Udalaren webgunearen bidez (epea hasten denerako formularioa aktibatuta egongo da). Seme-alabak bi urteko ikasgelan, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, DBHn, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan matrikulatuta dauzkaten guraso eta tutoreek eskatu ahal izango dituzte laguntzak, baita hezkuntza behar bereziak dituztenenek ere.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, ekainaren 1etik aurrera Galdakaoko establezimenduetan egindako erosketen fakturak kontuan hartuko dira. Fakturak gordetzea oso garrantzitsua da eskaera egiteko orduan gainerako dokumentazioarekin batera erantsita aurkeztu beharko baitira, eta ez baita tiketik onartuko.
Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 140 euro izango da haur bakoitzeko, edo 350 euro familia bakoitzeko, familia bakoitzaren diru sarreren arabera. Zehazki, laguntza zenbatekoa familia unitatearen errenta kontuan hartuta banatuko da.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak
Laguntzak honako ikasmaterialen gastuak ordaintzeko dira: Haur Hezkuntzarako amantal eta adur-zapiak, teknologia, musika eta heziketa plastikoetako elementuak, mahaigaineko materialak eta suntsigarriak (arkatzak, boligrafoak, ezabatzeko elementuak, klipak, zorrozkailuak, erregelak, eskuairak, kartaboiak, koadernoak, folioak eta antzekoak, baita informatikako suntsigarriak ere), eta beste material batzuk, hala nola sailkatzaileak, artxibategiak, estutxeak, kalkulagailuak, konpasak, hiztegiak, eskolako bizkarzorroak eta antzekoak.
Betaurrekoak, lentillak edo antzekoak, ikasliburuak eta irakurketa liburuak, arropa, oinetakoak eta gailu informatikoak ez dira diruz lagunduko.