"Gehien sortzen duenak gehiago ordaintzen du" printzipioaren pean martxoko osoko bilkuran aho batez onartu zuen Amorebieta-Etxanoko Udalak zabor-tasa berria, eta uztailaz geroztik dago indarrean. Hala, Udalak gogorarazi egin du irailean aplikatuko dela lehen aldiz.
Tasa honen helburua da hondakinak biltzeko zerbitzuaren kostuak modu bidezkoagoan banatzea, 2008/98/EE Europako Zuzentaraura eta 7/2022 Estatuko Legera egokituz.
Tasa berriaren lehen ordainagiria urteko hirugarren hiruhilekoari dagokio (uztailekoa, abuztua, iraila). Ordainagiria helbideratuta dutenei irailaren 15ean egingo zaie automatikoki kargua, izapide gehigarririk egin beharrik gabe.
Bestalde, helbideratuta ez duten herritarrek etxean jasotzen ari dira dagoeneko ordainagiria (abuztuaren 25az geroztik), eta irailaren 1etik 30era bitartean izango dute borondatezko ordainketa egiteko epea.
Horren harira, nabarmentzekoa da tasa berria katastro-unitate guztiei aplikatzen zaiela, ez soilik etxebizitzei; esaterako, garajeak edo trastelekuak ere barne hartzen ditu. Horrenbestez, etxean helbideratu gabeko ordainagiria jaso duten herritarrek borondatezko epearen barruan ordaindu beharko dute hau, eta, nahi izanez gero, ondoren ordainagiria helbideratu dezakete, etorkizuneko kudeaketak saihesteko.
Ordainketa non egin eta nola helbideratu
Ordainagiria paperean jaso dutenek honako bide hauen bidez egin dezakete ordainketa:
- Udalaren Banku Erakunde Laguntzaileetan, banka elektronikoaren bidez edo aurrez-aurre, dagokion ordainagiria aurkeztuz.
- Udaleko HAZ-ean
- Udal-kutxazain automatikoetan
- Udalaren web orriaren bidez, “Nireordainketa” pasabidea erabiliz.
Era berean, etorkizuneko kudeaketak saihesteko eta izapide hori errazteko, zornotzarrek HAZera jo dezakete ordainagiriak helbideratzera.