Konfinamendua arintzeko neurrietan oso azkar omen goaz... baina, zuhurtziagatik, horren azkar ez joateko erabakiren bat hartzen denean, orduan kritikak beste norabide batean egiten dira. Dena zarratu behar da! Baina horrek hainbat negozio, lanpostu eta abar desagertzeko zorian jar-tzen dituenean, osasun publikoaren ustezko defendatzaileak larri! Izurriteak zerbait argi eta garbi laga duena oposizioa osatzen dutenen -sindikatu batzuk barne- arinkeria eta arduragabekeria da. Ondorioz, geure buruari galdetu beharko genioke noraezean ibili diren horiek izurritearen osteko prozesua zer-nolako ganorarekin kudeatzeko eta bidera-tzeko gaitasuna izango duten!

Txertorik eta sendagai aproposik eskuratzen ez dugun artean, eta gerora ere bai, covid-19 eragin duen birusak gure artean segituko du, modu zabalagoan edo murritzagoan jarraitu ere. Beraz, izurritearekin elkarbizitzen ikasi beharko dugu, gure egunerokotasunari eutsiz, albait modurik zabal bezain zuhurrenean. Horrek, ezinbestean, gure osasun-sistema indartzea eskatuko du, bide batez, izurrite honi erantzun bizkorra emateko detekzio sistemetan eta askotariko azpiegituretan inbertsioak eginez. Beste alde batetik, orain arteko jardunera bueltatzeko urratsak egin beharko ditugu, beldurra hedatzeko ahaleginetan baino gizarteak erantzukizunez joka dezalako mezuak azpimarratuz eta herritarren kolaborazioa bilatuz, gizartearen aldetik gai-tzespena merezi duten jokabideak suertatzen direnean.

Azkenik, izurritearen ondoren datorren hondamendi ekonomikoari, horren epe laburrean inoizko handienari, aurre egiteko egitura politiko sendoak izateko ahaleginak egin beharko ditugu. Egoera honetan, erabakigarria, hil ala bizikoa da Eusko Legebiltzarra ahalik bizkorren osatu ahal izatea, bere eginkizunak erabat berrabiaraztea, bai eta Eusko Jaurlaritza sendoa izatea ere. Izan ere, datozen hiletan, politikaren lehentasuna gizartea berreraikitzea izango da, desberdintasunak albait gehien leunduz, inor atzean gera ez dadin egin beharreko ahalegina biderkatuz... eta gogoraraziz, gure gizarteak bi habe nagusi barruratzen dituela, eskubideak eta, sarritan albo batera uzten eta gogorarazten ez ditugun betebeharrak. Bi-biak dira ezinbestekoak gauden atakatik onik irteteko, bai eta indarturik agerrarazteko ere.