Talaieroa

Ni edo ezereza

06.05.2020 | 00:17
Ni edo ezereza

Gobernagarritasun partekatuak maila desberdinak ditu, betiere, eskumena duten erakundeen artean ehuntzen dena

BIZITZEA tokatu zaigun izurritearen aldi honetan, behin eta berriz azaltzen zaigu itxuraz kontrajarriak balira bezala azaltzen diren auzien artean hautatu beharra. Horrela, duela gutxi entzun behar izan dugu osasunaren edo lanaren artean hautatu behar dugula, bai eta biak bateragarriak direla esaten zutenen kontrako adierazpen gogorrak ere, nahiz eta aspertu arte azpimarratu duten lana osasun-baldintzak zainduz egin behar dela. Izan ere, izurriteak ekarri duen hondamendi ekonomikoak pertsonen osasun egoeran ez ezik, zerbitzu publikoei eusteko hartu beharreko neurrietan ere eragingo du, inolako ezbairik gabe. Badirudi batzuk-batzuk gogotik ari direla lanean egoera are eskasagoa izan dadin, egoera horrek, nolabaiteko abantailen bat ekarriko dielako itxaropenez.

Bestalde, izurriteari aurre egiteko hartutako neurriek Espainiako gobernagarritasuna uler-tzeko modua laga dute agerian. Inguruabar horretan, atentzioa ematen eta ernegua sorrarazten dute politika publikoak koordinatzeaz, erabakiak partekatzeaz eta leialtasunaz esan direnek, bereziki, Espainiako Gobernuaren aldetik. Eskumenak dituzten erkidegoen gainetik zein azpitik, alde bakarreko erabakiak hartu, hedabideen aurrean azaldu, kontrako erreakzioa edo anabasa sorrarazten zutenean zuzendu eta, horren ondoren, aplikatu behar zutenei jakinarazi, horixe izan da gertaeren hurrenkera, askotariko agintariak nazkatu eta izurriteari aurre egiteko lankidetzan jarduteko borondatea kolokan jar-tzea ekarri duena.

Arazoa ez da alarma-egoera aldarrikatu izana, herritarren eskubide andana bertan behera uztea eta, halako neurri baten bidez, erkidegoetako eskumenak etetea baizik, horretarako, inolako lanketarik eta inolako adostasunik bilatu gabe. Hala, batzuek esaten dutenaz landa, auzia ez da alarma-egoera luzatzea edo anabasari bidea ematea, estatuak zein erkidegoek nahikoa helduleku baitute osasun publikoa bermatzeko neurriak har daitezen. Auzia, zentralismoaren, alde bakarreko erabakiak ezartzearen edo erabakiak adostearen eta gobernagarritasuna parteka-tzearen artean dago. Izan ere, irizpide orokorrak behin adostu ondoren, are errazagoa izango da horien peskizan lan egitea, tokian tokiko erakundeen partaidetza eta inplikazioa bilatuz, udaletatik hasi eta erkidegoetako gobernuetaraino.

Gobernagarritasuna erabaki-tzeko ahalmenak dituztenen artean eta erantzukizun hori duten erakundeen artean gauzatu behar da. Ondorioz, gutxienez bi eremu bereizi beharra dago. Alde batetik, erakundeen koordinazioa eta erabakimena, erakunde bakoitza gobernatzen duen alderdia zeinahi dela. Beste aldetik, alderdien partaidetza, udal, lurralde, erkidego zein Estatu mailan gauzatu beharrekoa, lehendik ezarrita dauden ordezkaritza-organoen bidez. Gobernagarritasun partekatua ez da interes kontrajarriak dituzten alderdien artean batzarrak antolatzea, ezertara ez iristeko, boterearen kontrako dinamikan sakonduz. Gobernagarritasun partekatuak maila desberdinak ditu, herrietatik hasi eta gainegitura guztietara iristen da, betiere, eskumena duten erakundeen artean ehuntzen dena. Euskadin, alderdien esku-hartzea ahalbidetu eta ordezkaritza normalizatzeari dagokionez, herritarrei ukatu ezin zaien eta garrantzi handiko kontua da une honetan ohiko jarduna etenda duen Eusko Legebiltzarra berrosatzeko hauteskundeak burutzea. Besteak beste, Euskadiko gobernu berria eratzeko eta izurriteari eta bere ondorioei aurre egiteko, erabakiak albait arinen hartu eta abian jarri ahal izateko. Badirudi batzuk hauteskundeen beldur direla eta egoera ezegonkor honek segida izan dezan bilatzen dutela... baina ez gaude anabasarako, ez eta denbora alperrik emateko moduan ere!

noticias de deia