Beraz, lehenengo berbak, haientzat, aitortza modura. Hurbiltasuna, hildakoak ganoraz agurtzeko modurik, dolurik azaltzeko erarik izan ez dutenentzat. Aitortza hil direnei eta, aldi berean, esker ona, horien artean adinduei, tamalez, gure gizarteak gero eta sarriago karga modura hartzen dituen horiei.

Kezkaz ikusten dut azpimarra-tzea izurriteak eramaten dituenak adin batetik gorakoak direla, hezurretaraino beldurra iltzatzen baitiegu gure gurasoei. Amorrua sortzen dit inguru ba-tzuetan entzuten dudanean adin batetik gorakoei kasu egiteak, aurrera egin dezaten saiatzeak ez daukala zentzurik... eta bestelako gaixoak direla lehenetsi beharrekoak. Halako hoztasun batekin ari direnei esango nieke gauden tokian bagaude, gu baino are zailtasun gehiago gainditu behar izan zituztenei esker dela... eta ez ditugula ezdeus balira tratatu behar. Bestela, egin dezagun laurogei, hirurogeita hamar edota hirurogei urte atzera eta azter dezagun ordutik hona zer jazo den eta nora iritsi garen, besteak beste, haiei esker.

Iraganean bezala, oraingoan ere lortuko dugu! Eta izurriteak hondatu dizkigun zimentarriak birjarri beharko ditugu, albait bizkorren jarri ere, adostasuna eta lankidetza bidelagun ditugula. Iraganean, gure hizkuntzak desagertzeko bidea hartua zuenean, askotarikoen arteko lankidetzak ekarri zuen azpiegitura berriak sortzea, euskara galbidetik berreskuratzeko jauzia egitea lagundu dutenak. Borondate berarekin berreskuratu genituen ezabatu zizkiguten autogobernu erakundeak, gure gizartea XXI. mendera eramatea sustatu dutenak. Arian-arian suertatu diren krisi ekonomikoei buelta eman diegu gure ehun ekonomikoa eraberrituz, ikerketan eta garapenean inbertituz... Aldi berean, ahulen direnei bizkarra erakutsi gabe. Aberriaren Egun hau bilakatu behar dugu, bilaka dezagun, etorkizunari begira-tzeko, zutik jartzeko, eskuz esku lan egiteko, borondateak ehun-tzeko, alderdikeriak bazterrean laga eta gizartearen aurrerabidean sakontzeko. Aldarrikapenetatik, harmailetan gainerakoei gaizki esaka aritzeaz harago, konpromisorako, lanerako, lankidetza estua hezurmami-tzeko, berreraikitzeko eta gizarte aurreratu baten balioetan sakontzeko abiapuntu gisa har dezagun igande honetako Aberri Eguna!