TXINAK bezala, AEBk eztula egiten duenean, krisiak bazterrak lorrintzen ditu. Globalizazioa da halakoetan aipatzen den gertakaria, geopolitikan, ekonomian, pertsonen mugimenduetan, lehengaien eta diru-funtsen eskualdatzean eragiten duen jazokizuna, hain zuzen. Tamalez, globalizazioa ez da inguruabar arrunta pertsonen eskubideetan sakontzeaz ari garenean. Orain, globalizazioak beste eremu bat ukitu du bete-betean, osasunaren arloa, alegia. Izan ere, egun ditugun erraztasunei erreparaturik, goizean etxetik irten eta iluntze partean milaka kilometrotara egon gaitezke, bidenabar, gaixotasunak aldean eramanez eta zabalduz.

Ez da, ordea, lehenengo aldia halako izurri bat gertatzen dena. Diotenez, Europar konkistatzaileek aldean eraman zituzten gaitzek milaka eta milaka pertsona kutsatu eta heriotzara kondenatu zituzten munduko lurralde askotan, gaixotasun horiei aurre egiteko modurik ez zutela eta. Espainiar gripea ezizenaz ezagutzen den munduko azken izurriteak ?-bidenabar esanda, Espainian jatorria ez zuenak?- 1917-1957 aldian milioika pertsona akabatu zituen. Antza denez, Lehen Mundu Gerran gertaturiko pertsonen eta soldaduen mugikortasunak bizkortu zuen, gainera, gaitz horren zabalkundea munduan barrena.

Egun, pertsonak dira are errazago eta bizkorrago mugitzen direnak toki batetik bestera. Ondorioz, oker gaude eragingo ez digula pentsatzen badugu, lehenago ala geroago, gu konturatzerako, etxeko atalburuan izango dugu eta. Beraz, komeni da arduraz jokatzea, asaldatu barik eta larritasuna nonahi zabaltzen ibili gabe. Inguruabar horretan, beste jatorri batekoak baztertzeko joera oro alboratu behar da, gu guztiona baita arazoa eta komeni baita denon artean konponbiderako urratsak egitea.

Osasun-agintarien aholkuei jaramon egitea; hemen eta munduan, osasun zerbitzuen arteko koordinazioa hezurmamitzea; eritasunari aurre egin ahal izateko, ahaleginak partekatzea, aukera urriagoak eta osasun sistema ahulagoak dituztenekin lankidetzan arituz; txertoa aurkitu ahal izateko, batera ekitea, Munduko Osasun Erakundearen gidari-tzapean... Horra hor egin daitezkeenak, gure esku daudenak. Aukera baliatu ahal dugu arazo orokor bati irtenbide orokor eta partekatua emateko, artean, gutxien dutenekiko hurbiltasuna ?-egoskorrak bagara, haiengatik ez bada, gugatik-? erakutsiz... Hori egin dezakegu ala bizkarra erakutsi, gu salbatzen saiatu, gainerakoak bide bazterrean lagaz, botikak ekoizten dituztenei jendearen bizkar demaseko irabaziak egin ditzaten lagunduz.

Orain arte arazo globalei tokian tokiko erabakien bidez egin diegu aurre nolabait. Halaxe gertatu da klima-aldaketaren auzian ere bai. Bada sasoia arazo orokorrei irtenbide orokorrak bilatzen saiatzeko... Eta horretan, gainegiturek, tartean Europak eta Munduko Osasun Erakundeak mugitu beharra dute, ahalegin horretan aitzindariak izanik eta dituzten bitartekoak jarriz.