ONDARROAN, lur-jausi ikaragarri batek azpian zeuden etxeak azpian hartu, kalteak eragin eta ehunka herritar haien bizitokietatik aterarazi zituenean, gertaeraren aurrean, herri-erakundeen arteko ?-Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta EH Bilduk gobernatzen duen Ondarroako Udala-? lankidetza izan zen arazoari aurre egiteko erabilitako tresnarik eragingarriena. Lankidetza eta hilabeteetako lana, mendiko lurrak egonkortzen saiatzeko, lurrak erretiratzeko, bai eta eragindako kalteak konpontzeko ere. Inork ez zuen gertaeraren erabilerarik egin... nahiz eta erantzukizunak badauden, bereziki, lursailak birkalifikatu, obrak egin eta jarraipena egin behar zuen Ondarroako Udalaren aldetik. Zaldibarko kasuan, ostera, bestelakoa izan da jarrera.

Lan-istripua gertatu eta hondakindegia kolapsatu ondoren, etengabekoak izan dira kritikak, irainak zein bestelakoak oposizioa osatzen duten ?-eta oraindik bide demokratikoetatik oso urrun kokatzen diren-? batzuen aldetik. Diote lehendakariak hasieratik joan behar zuela Zaldibarrera, nahiz eta denok dakigun halakorik egin izan balu, salaketa bestelakoa zatekeela, gertaera larri baten erabilera elektorala leporatuko zitzaiola. Hari berari tenk eginez, normala da hasieran, bi langileak bizirik atera zitezkeela iritzita, eginahalak egitea, ahal denarekin eta ahal den bezala. Orduak aurrera egin ahala, hondakindegia ezegonkor eta goialdean dagoena bertan behera erortzeko arriskua zegoela iritzita, erreskate-taldeen jarduna beste era batera antolatu beharra zegoen. Erreskate-taldeen segurtasuna ahalik eta gehien ahalbidetuz, gorpuak atera ahal izateko, hondakindegia egonkortzea ezinbestekoa zen... eta azken hori hil ala bizikoa da baldin kea zabaltzen duten suteak itzaltzeko ezinbestekoa den makineriak lan egingo badu. Eta hori ere ezin egin daiteke memento batetik bestera, besteak beste, hondakindegira iristeko bide berriak egin behar izan dira eta. Ahalegin horretan, gauzak ez direla ondo azaldu? Ados! Beharbada, informazio fidagarria ematea lehenetsi delako, arriskuez ohartarazteak susmoak eta alarmak indartuko zituela iritzita... Eta azken hori bazka bilakatu da, zurrumurruak, sasi-egiei eta bestelakoei ateak zabal-zabalik lagaz. Arduragabea izan da eta bada oposizioko alderdi batzuen jarrera, batzuk, enpresa pribatu batean jazotakoa onbideratzen saiatzen ari diren bitartean, bestetzuk datozen hauteskundeei begira jarri dira eta. Nago herri honek oposizioa egiteko beste eredu bat eskatzen duela, gobernagarritasunean inplikaturik daudenen jarraipena egiteaz batera, arazoen aurrean, aterabideetan inplikatzen saiatuko den oposizioa aldarrikatzen duela.

Kezkak ulergarriak dira. Ondorioz, datozen asteetan zein hilabeteetan ahaleginak eta bi egin beharko dira horiek uxatzeko, informazioa emanez eta, zalantza oro lausotzeko asmoz, osasun-zerbitzuen bidez behar den arta eginez. Baina Zaldibarko kontuak beste gai potolo bat ere utzi digu mahaiaren gainean: nola kudeatu behar dugun gure etxeetan, industrian eta abar sortzen dugun eta gure ongizatearen ikur bilakatu den zaborra. Eta hor, gutxienez, bi eredu antzeman daitezke. Alde batetik, guk geuk zaborraren kudeaketa arduratsua egitea, albait gehien birziklatuz, azpiegiturak sortuz eta kudeatuz... eta beste aldetik, EH Bilduk Gipuzkoako zaborrarekin egin bezala, beste lurralde batzuetara eramatea, ezkutatzea, arazoari bizkarra ematea eta pankartaren atzealdean itxurakerietan geldi-tzea. Hori bai, Zaldibarkoari zein bestelako arazoei inolako irtenbiderik eman gabe!