Urte dezente igaro dira Durangoko Azokan, Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutakoaren benetakotasuna irmoki babesten duenetako batekin topo egin nuela. Aspaldiko ezaguna izanik, galdetu nion Azokako kaleetako baten erdialdean, saldu nahian, eskuartean zeukan liburua zeri buruzkoa zen: "Iruña-Veleiaz duk!", erantzun zidan... eta nik, bat-batean, harridura aurpegia ezabatu ezinda eta liburu horren egilea bera zela ez nekiela, zera erantzun nion: "Gai horrek liburu bat idazteko adina ematen dik?" Ez zuen ondo hartu bat-batean, bestelako intentziorik gabe, eginiko galdera hura!

Indusketan parte hartutako ba-tzuek jaso zituzten ehunka ostrakek ez zuten aparteko interesik harik eta garbitu ostean ? -ustez-?, grabatu harrigarriak azaltzen hasi ziren arte. Dena zen harrigarria, txundigarria, aztarnategietan horren txiroa den Euskal Herri honetan: euskarazko lehenengo berbak; erromatarren jainko gorenari erreferentzia eginez, txerri baten irudia; XX. mendera arte existitu zenik ere jakin ez zen Egiptoko erregina baten izena; kalbarioa eta abar. Den-dena leku bakar batean... Aurretik eta ostean, inguruan zein Europan, beste inon, inolako jarraitutasunik izan duen lekukotza oparoa eskainiz. Euskarari buruz azaldutakoak mende batzuetan aurreratu zuen euskararen lehenengo idatzizko agerpena eta hizkuntza honen eboluzioari buruz dakiguna, urteetan ikertutakoa, zalantzan jartzen zuen, denon harridurarako... Ez zen, ordea, nahikoa. Ostraka berri bat aurkezten zen aldiro beste eremu bat astintzen baitzuen. Grabatuak faltsutzat jotzea denbora kontua baino ez zen. Harrezkero, maldan behera segitu du kontuak. Sinestunek halako konspirazio ukitua eman nahi izan diote jazotakoari eta askotariko elkarte eta erakundeei eraso egin diete, inolako gupidarik, errespeturik eta lotsarik gabe. Hori gutxi balitz, egon da kontuari halako ukitu politikoa ematen saiatu denik ere.

Badiote inork ez duela grafitoen faltsutasuna frogatu. Halaxe dio Eliseo Gilek, indusketaren ardura zuenak, lehenago beste sinestun batzuek eginiko baieztapenei segida emanez. Nago, ordea, alperrik gabiltzala! Nagoen bezala, Erromako Sant'Angelo gazteluan, egiatan, Hadriano enperadoreak K.o. 135.ean bere eta bere familia ehorzteko asmoz, eraiki zuen mausoleoaren harrietako batean, monumentuei errespeturik ez dien norbaitek, hemen Erramun egon zen idatziz gero, beti egonen dela heldulekuren bat norbaitek baiezta dezan ez dagoela gertaera hori ezeztatzerik, hau da, Tiber ibaiaren ondoan, II. mendean, euskaraz hitz egiten zekien Erramun izeneko norbait egon zela ezezta-tzerik. Izan ere, irakurle, sinestunen erreinuan, gauza harrigarrienak ere dira gertakuntza!

Alabaina, jazotakoa argitu dezaketen bakarrak Eliseo Gil eta bere taldekoak dira. Haien ardura da kontu triste honi amaiera ematea, herri honi azalpen bat emanda eta, bide batez, zintzotasun eta duintasun apur bat erakutsita.