HAINBAT erronkak, horien artean, ekonomiaren atzeraldi apalari erantzun behar izateak, lurraldetasunaren arazoari irtenbidea bilatu beharrak, bai eta finantza publikoak onbideratu ahal izateak ezin dute gehiago itxaron. Izan ere, jardunean egon den gobernu batek behin-behinekotasun egoeratik aldentzea, gobernatzen hastea eta erabakiak hartzeko moduan egotea garrantzitsua da, baldin eta gaiak usteldu eta atzeraezinezko egoera batean geratuko ez badira.

Harriduraz ikusi nuen inbestidura saioa, bereziki, eskuinaren eta muturreko eskuinaren oldarraldia, aurrera begira egin beharreko proposamenak azaleratzea saihestu eta eratzear zegoen gobernuaren zilegitasuna auzitan jarri zituena. Moduak itsusiak izan dira eta argudioak aldrebesak! Antza, Espainiako Gobernua betikoen artean eratzea da zilegitasuna izan dezakeen aukera bakarra, gainerakoen parte-hartzea alboratu beharrekoa baita, batez ere, abertzaleek esku hartzeko aukera, Espainia suntsitzea beste xederik ez dute eta. Ondorioz, horiek bazter batean laga behar dira eta, ahal denean, Hauteskunde Legea eguneratzea lehentasunezkoa da, horiek ordezkaritza izateko aukerak murrizteko eta Espainiako Gorteetarako sarbidea ukatzeko. Tori demokraziari buruz ba-tzuek duten ikuspegia, herritarren borondatea murriztearen eskutik datorrena... Eta hori aldezten dute Katalunian eta Euskadin apenas babesik ez daukaten alderdiek. Oker daude halako neurriekin, Kataluniako eta Euskadiko herritarrak are hurbilago izanen dituztela pentsatzen badute!

Gobernu berriak lau mehatxu ditu, nire ustez. Hauteskundeetara aurkezten ez diren baina eguneroko erabakietan eragiten saiatzen diren sektore batzuen kontrako jarrera (hedabide jakin batzuk eta zenbait sektore ekonomiko, sozial eta abar). Oposizioaren erasoaldia eta jazarpena, lehenengo mementotik abian egongo dena. Gobernuaren koalizioa osatzen duten bi alderdien arteko norgehiagokak... eta azkenik, gobernua eratzea ahalbidetu duten alderdi batzuen interesak eta lehentasunak. Ez dira gozoak, ez eta errazak ere izango egin beharko dituen urratsak.

Gureari gagozkiola, EAJk eta EH Bilduk ahalbidetu dute Sanchezen inbestidura. Lehenengoak, bi habe jasotzen dituen akordio baten arabera: Gernikako Estatutuak jasotakoak erabat gauzatzea eta Euskadiko estatus berria ahalbidetu dezakeen zoru berri bat. Bigarren alderdiak, ordea, debalde ahalbidetu du inbestidura. Horregatik, deigarria da akordiorik egiteko ezintasuna erakutsi duenak, esku hutsik datorrenak, EAJ alderdiari egin dion kritika latza, Euskadin, aurten egitekoak diren hauteskundeen ildoan egiten dena, alafede.

Espainiako Gobernua eratu berri da. Ikuskizun dago inbestidura ahalbidetu dutenek behar den pazientzia izanen duten eta gobernuari aukeraren bat emango dioten - gogoratu, Sanchezek hauteskundeak deitu zituela 2019ko Aurrekontuen Legea aurrera ateratzeko ERCk babesa ukatu zionean-. Era berean, bateko eta besteko akordioak izenpetu dituztenek gogotik lan egin beharko dute, behar den irmotasun eta zuhurtziaz lan egin ere, izenpetutakoak aurrera egiteko modua izan dezan, konpromisoak ezerezean gera ez daitezen.