AZKEN egunetan, adostasun garrantzitsuak azaleratu dira. Alde batetik, Gernikako Estatutua berritzeko testuaren zati esanguratsu batean, EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdiak bat etorri dira. Beste aldetik, Euskadiko 2020ko aurrekontuen inguruabarrean, oinarrizko adostasuna hezurmamitu da alderdi berdinen artean. Jakina denez, bi akordio horietatik kanpo geratu dira PP eta EH Bildu alderdiak, nork bere arrazoiak, erabat kontrajarriak, aditzera eman dituela.

Estatutua berritzeko prozesuan, alderdien arteko oinarrizko desadostasuna erabakitzeko eskubidearen inguruan gertatu da. Gaia ez da oraingo kontua, lehenagotik baitator oinarrizko desadostasun hori. Nolanahi ere, auzia zera da, erabakitzeko eskubidearen inguruan aurrerapenik gertatu ezean, Euskadiko oinarrizko araubide juridikoan aurrerapausoak ematea baztertu behar da? Eta korapiloa askatu bitartean, gaurko belaunaldiek, gizarte eskubidez hornituagoa eta autogobernu maila are jasoagoa izateko aukera bazterrean laga behar dute? Izan ere, autogobernua aria-narian gure izaera lantzen segitzeko eta gure gizartearen garapenean laguntzeko, oinarrizko makulua da, maximalismoetatik eta aldarrikapen demokratikoak ezerezean laga nahi dituzten jarreren azpitik. Beraz, oreka bilatu beharko da, aurrerantz urratsak egiten joan gaitezen.

Bestalde, Euskadiko 2020ko aurrekontuen eremuan ere aurrerapena gertatu da, gobernua osa-tzen duten bi alderdien eta Elkarrekin Podemosen artean. Berri ona da, aurrealdean daukagun egoera berriari are hobeto eran-tzuteko aukerak ugaritzen dizkigulako. Halakoetan, atentzioa ematen dute akordio horretatik kanpo geratu diren bi alderdien jarrerek. Elkarrekin Podemosen ekarpena eta ahalegina ezerezean lagatzeko asmoz egiten diren adierazpenak... eta, beste muturrean, gizarte-laguntzek sostengaturiko gizarte-eredu bat eraiki-tzen ari garelako arbuiozko berbak.

Horrela, kezkagarria da oso PP alderditik esan direnak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan. Laguntza horren xedea familien eta norbanakoen premiei erantzutea da, besteak beste, baliabide nahikorik ez dutenen premiei, bai eta lan-munduan irtenbide baten bila dabiltzanen itxaropenei ere. Izango da azal lodikoren bat laguntza hori jaso-tzen dutenen artean... baina gehien-gehienak alargunak, pentsio apalak dituzten pertsonak, langabezian daudenak edo premia gorriak dituztenak dira. Ondorioz, ez da komeni gure erkide horiek estigmatizatzea, ez eta bizi duten egoerari bizkarra erakustea ere. Gure autogobernuak, finean, horretarako ere balio behar baitu, gizartea ehuntzeko, bakoitzaren ibilbideak eragin dituen desberdintasunak zertxobait leuntzeko, inor atze-atzean, kale bazterrean gera ez dadin!