Euskarak asko aurreratu du hamarkada gutxi batzuetan! Ez batzuok nahiko genukeen bezainbeste, baina bai duela berrogei urte espero zena baino gehiago. Egia da ez dela modu berean aurreratu lurralde eta jardun-eremu guztietan, baina aurrerapena begien bistan dago. Horrela, euskararen biziberritzea eredugarri bilakatu da munduan barrena, bai euskararen batasun prozesua bera, bai jardun-eremu ugaritan eginiko urrats erabakigarriak. Aurrera begira, ordea, bereziki, bi jardun-eremutan -orain artekoak bizkortzeko daukagun ardura atzendu gabe- jarri beharko genuke arreta, nire ustez.

Alde batetik, euskara gure artera iritsi bada, bereziki, familian eta lagunartean bizirik erauntsi dugulako izan da. Atxikimendu horrek ahalbidetu du iragarpen guztiak ezerezean lagaz, gaurdaino iraun ahal izatea. Horrela, azken hamarkadetan euskararen presentzia izugarri zabaldu da eta inoiz erabili izan ez den eremuetara ere iritsi da... Baina gertakari horren aldamenean, aldeko girorik ez zegoenean bizirik ?-baina ahuldurik- irautea ahalbidetu zuen taupada itzaltzen ari da. Arrazoiak ugariak dira, baina, nire ustez, azpimarragarriena euskara egunerokotasunarekin lotzeko dauzkagun zailtasunak dira.

Hezkuntzan, administrazioan, hedabideetan eta abar asko egin da, gehiago ere egin daiteke, baina horrek bakarrik ez du biziberritze prozesua itzulezineko eremu batera eramango. Euskara atseginarekin, aisialdiarekin, kirolarekin, kultur eskaintza zabal eta oparoarekin, nagusiki euskaraz fun-tzionatuko duten arnasguneekin -lurralde, adin eta fun-tzio mailan- lotzea erabakigarria suertatuko da baldin orain artekoari zentzua eman eta bizkortuko badugu. Izan ere, ezer gutxirako balio du, besteak beste, hezkuntzaren bidez euskararen presentzia areago-tzea gero, gure herri-auzoetan, hedabideetan, kultura- eta kirol-programazioan eta abar erdarazko eskaintza errealitate horrekin uztartzen ez bada.

Beste horrenbeste esan daiteke lan munduaz. Gero eta pertsona gehiago dago euskaraz jarduteko prestakuntza jasotzen duena eta euskaraz lan egiteko moduan dagoena... Baina lan-munduan euskararen presen-tzia, euskaraz lan egiteko egiazko aukerak oso urriak dira oraindik. Kontu horrek, eragin bikoitza dauka, enpresa barrukoa, langileei egunerokoan euskaraz bizitzeko eta garatzeko aukerak urritzen zaizkielako, baita kanpora begira ere, adibidez, enpresen eta herritarren arteko harremanak suertatzen direnean, bereziki, kontsumoaren arloan. Herritarrei aitorturiko hizkuntza-eskubideak baliatzea oso zail egiten zaielako, euskararen erabilera baztertuz eta gaztelaniarena lehenetsiz. Hala gertatzen da zerbitzu askotan, bai eremu pribatuan eta publikoan... eta ez da nahikoa haien eskubideak urraturik ikusten dutenei pazientzia eskatzen ibiltzea, neurri eragingarriak hartzea baizik, progresibotasuna zainduz, ekinez eta jarraitutasunez.