Hautsak harrotu ditu Andoni Ortuzar EAJren buruzagiak igande honetan, Alderdi Egunean, esan dituenak. Zioenez, besteak beste, autogobernua apalaraztera datozen ekimen eta erabaki orok are gehiago urruntzen gaituzte Espainiatik. Ondorioz, azpimarratu zuenez, “Gero esanen dute euskal herritarrak espainiar senti daitezen... ezta hurrik eman ere!”, “Berdindu nahi gaituzte, baina okerrera egiteko”. Bekak zituen hizpide. Beharbada, testuinguru orokorrean, ustez, huskeria dirudi baina, aldi berean, esangura-tsua ere bada autogobernua kimatzeko asmoz egiten den beste urrats bat baita. Hartu den azken erabakia kontuan, euskal hiritarrek, hogei bat urtez iraun duen beken sisteman jaitsiera esanguratsuak izango dituzte eta.

Denbora laburra behar izan du Casadok Sabino Arana eta RH faktorea hizpide hartuz, aber-tzaletasun demokratikoari erasotzeko. Barregarria da harira ez datozen pertsonaia bat eta gai bat hizpide hartzea. Nik dakidala, beken sistemak ez baitauka zer ikusirik Sabino Aranarekin, ez odolaren kontuarekin. Nolanahi ere, komeni da espainiar nazionalismoak Sabinorekiko erakusten duen herrari edo itsukeriari buruz gogoeta egitea. Sabino Aranaren ekarpena nekez azter daiteke XIX. mendean Foruak desagerrarazi zituen espainiar nazionalismoaren inposaketa, ez eta subjektu nazional bakarra eta bateratua sorrarazteko asmoz, Espainiaren ikurrak eta hizkuntza ezar-tzeko ahalegin etengabea kontuan hartu gabe. Gainbehera zetorren, desegiten, asimilatzen ari ziren Herri bat indartu nahi izan zuen Sabinok. Horretarako egin zituen ahaleginak eta sortu zituen ikur bateratzaileak, beti asmatu ez bazuen ere.

Aniztasuna gutxietsiz eta ezabatuz, Estatu eta hizkuntza hegemonikoak ezartzen ari ziren balioen eta izaeraren aurrean, erresistentziarako, bizirik irauteko heldulekuak azpimarratu zituen... Eta arrazaren kontua helduleku bilakatu zuen bizirik irauteko eta harrotasuna astintzeko xedez. Gogorarazi behar da garai berdinean hori baino mezu larriagoak ari zirela zabaltzen Europan barrena, hegemonia bila-tzen ari ziren eta munduko kontinente desberdinak azpiratzen ari ziren potentzien aldetik. Halaber, Espainiaren kasuan, komeni da gogoraraztea, Amerikako aurkikuntza eta Espainiar inperioaren sorrera ospa-tzeko, Lehen Mundu Gerraz geroztik eta 1958. urtera arte, urriaren 12a, Arrazaren Eguna izendatu zutela. Ondoren, egun bera Hispanitatearen Egun gisa bataiatu zuten. Horiexek dira egungo Espainiako Egun Nazionalaren aurrekariak.

Mendeetan hizkuntzak inposa-tzen dabiltzanek, aldi berean mespretxatuak izan diren hizkuntza txikiak berreskura-tzen saiatzen direnei hizkuntza inposatzea leporatzen diete. Arrazaren kontua hizpide har-tzen dute beste lurralde batzuetatik datozenak arbuiatzen dituztenek, hots, mundutik barrena, erlijioaren eta arrazaren izenean herriak desagerrarazteko eginahalekin harro agertzen diren berdinek.