Aurreko asteburuan ospatu zen Ispasterren II. Euskal Diasporaren Eguna. Izan ere, Ispaster herri txikia dela kontuan hartuta, arrazoi ekonomikoengatik edo politikoengatik, jende gehien atzerrira joandakoen herrietako bat da. Egun, immigrazioari buruz askotariko iritziak eta jarrerak azaltzen ari diren honetan, komeni da gure herriak historian zehar, eta egun bestelako arrazoiengatik ere, atzerrira joan behar izan duela gogoraraztea. Joandakoak izanik gure herriari buruzko iritzia eta sona zabaltzeko tenorean helduleku garrantzitsu bihurtu direnak.

Jazoera hori Ipar zein Hego Euskal Herrian gertatu da. Nahiz eta immigrazioaren eta emigrazioaren arteko erlazioa desberdina izan den. Horrela, Ipar Euskal Herrian, bizimodu hobeago baten bila atzerrira joandakoak ugari izan dira, aldi berean, batez ere, erretiroa hartzen ari ziren helduak Lapurdiko kostaldean etxeak erosten ari ziren bitartean. Gipuzkoan gertaturiko etxeen garestitzea dela eta, hainbat lagun joan da Lapurdira, batez ere, barrualdera bizi izatera eta horrek, besteak beste, hizkuntza-egoera aldarazi du. Gertakizun horrekin batera, beste bat ere gertatu da, azken bi hamarkadetan, herri txikietatik hiriguneetara zerbitzu bila eta herri handietatik txikietara bake bila jendea eraman duena; eta azkenak gure herri txikietako errealitatea biziki aldatu du.

Dakigunez, gure kasuan, migrazio mugimendu esanguratsuenak azken hiru mende hauetan gertatu dira, batez ere. Ondorioz, migrazio mugimendua ez da arrotza gure artean, zuztar sakonak dituen gertaera baita. Horrexegatik, kezkaz ikusten ditut etorkinei buruz esaten diren gehiegikeriak, mespretxu eta aurreiri-tziz josita azaltzen baitira gehien-gehienak. Ez da egia gizarte-laguntzen onuradun gehienak atzerritarrak direnik, ez eta Estatuko kartzeletan dauden gehienak atzerritik etorririkoak direnik ere. Nolanahi ere, halako berriak zabaltzen direnean, horiei aurre egiteko eta errealitatea egokitasunez islatzeko jarrera indartsua falta da, batez ere, herri-erakundeen aldetik.

Era berean, komeni da etorkinen etorrerari normaltasunez erantzutea, eskubidez eta betebeharrez -hau, hainbatetan ahazten den kontua da- berdinak diren herritarrei buruz ari garela ohartzea; familia egitasmoa garatzeko, gainerako herritarrek moduan erraztasunak behar dituztela azpimarratzea; gatazka eta jazarpenetik ihesi datozenak ondo har-tzea; gure gizartearen behar ditugula lau haizeetara barreiatzea... eta denon artean gizarte irekiagoa eta ehunduagoa eraiki behar dugula aldarrikatzea eta gauzatzeko moduan jartzea ere bai. Azken finean, har ditzagun datozenak gu egoera berean bageunde bezala, gainerakoek hartzea nahiko genukeen bezala, ez gehiago, ez eta gutxiago ere!