Bi hilabete igaro Espainiako hauteskunde orokorrak egin zirenetik eta, mementoz, ez da an-tzematen Gobernua eratzeko akordioa hurbil dagoenik. Herritarren nahi eta iritzien gainetik, alderdien interes kontrajarriak gailentzen ari baitira. Alde batetik, alderdi sozialistak eskuak libre eduki nahi ditu, ezkerrarekin zein eskuinarekin akordioetara iritsi ahal izateko, gaien arabera... Eta horrek mesfidantzak sorrarazten ditu eremu batean zein bestean. Esate baterako, lan erreforman eginikoetan atzera egiteko edo bere horretan egoteko, norekin eginen ditu akordioak? Eta Espainiaren lurralde egituraren auzia onbideratzeko? Aurrekontuen gaian, norekin espero du gehiengoa eskura-tzea? Eta estatua eguneratzeko legeak onartzeko orduan?

Beste alde batetik, hauteskundeak berriro deitzeko aukera aipatzen denean, alderdi sozialista jakitun da halako deialdi batek alderdi batzuei ekar diezaiekeen kalteaz, uste baitu balizko deialdi horrek sozialistak areago indartu, Iglesiasen alderdia areago ahuldu eta eskuineko alderdien arteko sakabanaketak bere interesak indartuko dituela. Hori horrela, inork ez du soka hautsi nahi... Eta agertoki horretan, guztiak kateatuta ageri dira. Kontua da bitartean denbora aurrera doala, arazoek bere horretan irauten dutela eta geldialdia, aurreko legealdian iltzatu zena, betikotzen ari dela.

Batzuentzat, beharbada, gaurko politikaren moldeak sasoi batekoak baino interesgarriagoak izango dira. Nago, ordea, politikan jarduteko era berriak arazoen konponbideak atzeratu eta politikaren zen-tzua bera ezerezean urtzeko joera indartzen duela, horrenbeste, non herritarren artean noraeza eta ezinegona indar-tzen ari den.

Gero eta gizarte lausoagoan bizi omen gara... Gaurko gizarteek erreferente argiak, helduleku sendoak eta berritzaileak behar dituzten honetan, badirudi, politika bera ere lausotasun horretan murgiltzen ari dela, gera litekeen berarekiko sinesgarritasun apurra desagerraraziz. Halakoekin, mesede galanta egiten zaie erakundeak etengabe zalantzan jartzen dituztenei, bi ertzetan kokatzen diren muturrei.

Alderdi sozialistak estatua berritzearen ala iraganeko egiturei eustearen artean hautatu beharra dauka, bi-bietan jardutea ezinbestekoa baita. Lehenengoaren aldeko hautua egiten badu, bidelagunak beharko ditu, ezinezkoak eta gehiegizkoak diren eskakizunak saihestuta, ekarpenak egiteko prestutasuna daukaten aliatuak. Bigarrenaren aldeko hautua eginez gero, eskuinaren besoetara eroriko da... Eta besarkada hilgarri horretatik ez dauka alderdi sozialistak ez beste ezein alderdik irauterik.