Gobernu akordioek magia berezia dute. Nagusiki hauteskunde osteko garai honetan ematen dira, eta normalean lau urteko iraupena izan ohi dute, matrimonioa lehenago hausten ez bada behintzat. Gutxienez kuriosoa badela onartuko didazue, nola hemen zure laguna dena, han ikusi ere egin nahi ez duzun, eta kanpaina asteetan zehar elkarri mokoka aritu direnak, biharamunean lagun.

X herrian alderdi berdea eta urdina elkartu dira gorriak goberna ez dezan, baina Z herrian aldiz, gorriak berdeari eskaini dio elkartuz gero, agintea hartu eta urdina alde batera utziko dutela. Horia eta gorria elkartzea litzateke txarra, baina bitartean dena da positibo, ortzadarrak eta adarbakarrak. Badirudi modu ez naturalean egindako ezkontza hauek ez dutela alarmarik saltarazten, inor ez dela konturatzen behartutako zenbait egoerak eztanda ederrak ekarri ditzakeela epe ez oso luzean. Matrimonioa puskatu eta gero zer? bakarrik gobernatzearen desertuko ibilaldi eternala.

Fenomeno honek ere laguntzen du ulertzen politika munduan ere badirela estratu edo maila ezberdinak. Alegia, erkidegoan balio duenak, Nafarroan ez. Nafarroan balio duenak Espainian ez, eta udaletxean balio duen horrek, ondoko udalean kontrako forma hartzen du. Energia bezala, eraldatu bai, nahi adina, baina kasu, marra gorririk zeharkatu gabe. Osasun-muga batzuk ere ezartzen dira gainera, adierazteko zein alderdirekin elkartu daitekeen beste hori, eta zeinekin ez, bestela gurekin jai du eta. Hamalau edo hamabost urteko lagun koadriletan ere ez dira horrelako betoak ikusten aspaldian, bazterketa eta itsuskeriak non nahi. Nik harekin ez dut hitz egin ere egingo, oso itsusia baita nire lagunentzat, baina hori bai, gero alde batera egin behar badu ni goraino heltzeko, ongi etorria izango da. Ez dit lagundu, baina oztopatu ere ez, ordea. Agian bullying protokoloak martxan jarri beharko genituzke hemen ere, inor ez dadin mindu edo sistematik at sentitu.

Aipatutako geruza horiek noski hierarkizatuta daude eta goitik datozen aginduei men egitea alderdi diziplina esaten diogu. Hau da, goikoak baietz edo ezetz esaten badu, behekoak amen. Kontrakoa egiten duenari gaizki begiratuko, edo ausarta deituko , amen ez esate hori gure iritzi politikoarekin bat datorren ala ez kontuan hartuta. Adore pixka bat behar da egia esan, nonbaiteko kide izan, eta diktatzen zaizkigun jarraibideei jaramonik egin ez, eta gure kabuz erabakitzeko, baina aizu, bejondeiola, bere kabuz pentsatzeko gai den izaki bakarti horri. Traizioa hitz potoloegia da maiz, eta ezin aplikatuko genioke bere ustez modu onean jardun den horri; istorioa kontrako aldetik bizitzea tokatzen ez zaigun bitartean.

Denborak esango digu zeinek asmatu zuen elkarketetan eta zeinek ez, baina diruak asko tiratzen badu, botereak gutxiago ez, eta lagunarte bitxiak ikusten hasiak gara dagoeneko. Etsaiarenetsaia laguna ote?