52,25 milioi euroko inpaktua eragin du euskal ekonomian joan den maiatzaren 21ean San Mamesen jokatu zen Tottenham eta Manchester United taldeen arteko UEFA Europa League 2025 finalak. Zenbateko horrek esan nahi du inbertsioaren itzulkina (ROI) aipatutako kirol-ekitaldia sustatu duten hiru euskal erakundeen artean (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala) aplikatutako aurrekontuaren halako 13koa izan dela.
Zuzeneko eragin ekonomikoa, Euskadiko antolaketa-gastuari dagokionez, 11,52 milioi eurokoa izan zen. Finalaren antolaketak euskal enpresak eta pertsonak kontratatzea ekarri zuen, eta injekzio horren zenbatekoa 8,86 milioi eurokoa izan zen; horietatik 2,12 milioi euro hiru euskal erakundeek egindako injekzio ekonomikoari zegozkion; gainerako zenbatekoa UEFAk, RFEFk eta bi talde finalistek egindako injekzio ekonomikotik dator. Finalak, halaber ekitaldiari lotutako kolektiboek Euskadin egin zuten egonaldia ekarri zuen, eta arlo horrek 2,66 milioi euroko ekarpena eragin zuen.
Ekitaldiak erakarri zituen pertsonek eragindako inpaktu ekonomikoari dagokionez, hau da, turisten, txangozaleen eta euskal herritarren gastuari dagokionez, zenbatekoa 23,83 milioi eurokoa izan zen eta sarrera erosi zuten pertsonak izan ziren ekarpen horren zatirik handiena egin zutenak: 19 milioi euro baino gehiago. Era berean, garrantzitsua da azpimarratzea gaua igaro zuten bisitarien kolektiboak partida horren ekarpen ekonomikoaren % 94 egin zuela, eta ostatu-gastua bigarren mailako eragin ekonomiko osoaren % 57,3 izan zela.
Hirugarren partida ekonomikoa, eragindako inpaktu ekonomikoa, euskal enpresen balio-kateko tarteko ekoizpenak kontuan hartzen dituena, ia 16,9 milioi eurokoa izan zen.
Gainera finalak Euskadiko BPGari dagokionez ia 30 milioi euro gehikuntza ekarri du, baita 112 euskal enpresa eta 844 euskal langile kontratatzea ere. Hala berresten du tokiko batzorde antolatzailearentzat (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala) Ikertaldek UEFA Europa Leagueko 2025eko Finalaren inpaktuari buruz egindako txostenak. Txosten honek ekitaldiaren irismena neurtzen du ekonomiaren, gizartearen, ingurumenaren eta komunikabideen ikuspegitik.
Zifra orokorretan nazioarteko kirol-ekitaldiak 85.930 pertsona mobilizatu zituen, eta horietatik % 61 jatorri britainiarrekoak izan ziren; tokiko publikoa (Euskadi), berriz, parte-hartze osoaren % 18 izan zen. Mobilizatutako pertsona guztien % 65 45 urtetik beherakoak izan ziren, eta adin-taldeei dagokienez 25-44 urte artekoak gaineratu ziren (% 44).
Mobilizatutako 85.930 pertsonetatik 49.862 San Mames estadiora sartu ziren, eta beste 36.068 lagunek parte hartze aktiboa izan zuten, nahiz eta finala in situ ikusteko sarrerarik ez izan. Aipatzekoa da lagun-taldeak (batez besteko tamaina 4 pertsona/taldekoa izan zen) nagusitu zirela, eta ondoren familiak (% 22,4) eta bikoteak (% 10,1).
Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak azpimarratzen duenez, "UEFA Europa League 2025eko Finala kirol ekitaldi handi bat baino askoz gehiago izan da: Euskadin kirolaren ekosistema indartzeko eta lehen mailako ekitaldiak antolatzeko dugun gaitasuna berresteko aukera izan da, itzulkin ekonomiko eta sozial oso esanguratsuarekin. Ekitaldiak sortu duen inpaktua zifretatik harago doa. Horrelako hitzorduek enplegua sustatzen, tokiko ekonomia dinamizatzen eta, batez ere, gure gizartean kirolaren balioak indartzen dituen ondarea uzten dute: lankidetza, ahalegin partekatua eta herrialde-harrotasuna. Herritarren inplikazioak eta antolaketari esker lortutako balorazio bikainak erakusten dute Euskadi lurralde prestatua, abegitsua eta konprometitua dela, bikaintasuna, jasangarritasuna eta gizarte-kohesioa uztartzen dituen kirol-eredu batekin".
Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak, nabarmentzen du "tamaina honetako nazioarteko ekitaldiak aukera aparta dira mundura lurralde ireki, moderno eta lehiakorraren irudia zabaltzeko. Antolaketa-gaitasunari, abegikortasunari eta azpiegituren kalitateari esker Bizkaia destino erakargarria da talentuarentzat, inbertsioentzat eta hitzordu global handientzat". Basurkok, ildo beretik, gogorarazten duenez, "kanpoko sustapenarekin dugun konpromisoa ez da bisitariak erakartzera mugatzen, baizik eta Bizkaia gero eta nazioartekotuagoa egiten duten lotura ekonomiko, kultural eta enpresarialak indartzera. Final hau San Mamesen jokatzeak lehen mailako ekitaldiak arrakastaz hartzeko gai garela baieztatzen du, Bizkaiko ekonomian eta nazioarteko proiekzioan benetako eragina sortuz".
Beste alde batetik, Kontxi Claver, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotziak honako hau azpimarratzen du: "ekitaldian parte hartu duten pertsonen balorazio oso positiboa azpimarratu nahi dugu, gehienek oso esperientzia egokitzat jo dutelako finala, eta horrek oso ondo islatzen du gure hirian 86.000 pertsona mobilizatzeko gaitasuna eta antolakuntzaren bikaintasuna. Bilboko ostalaritza, segurtasuna, bertako biztanleen laguntza, gure Hiribilduaren girotzea edo destino turistiko moduan duen eskaintza ere oso baloratuak izan dira. Ondo antolatzeak gure hiria mundura proiektatzea, inpaktu ekonomikoa sortzea, turismoa bultzatzea eta gure nortasuna indartzea esan nahi du. Orain etorkizunera begiratzea dagokigu, maiatzaren 22 eta 23ra, San Mames eta Bilbo EPCR Challenge Cup eta errugbiko Investec Champions Cup ekitaldien epizentroa izango diren egunetara".
Eragin turistiko handia
Ekitaldiaren mobilizazio turistikoari dagokionez, 54.595 pertsonak, hau da, mobilizatutako pertsona guztien %64k gaua igaro zuen finala zela eta, batez ere Bilbon eta Bizkaian (%84,8), bi gau baino gehiagoko batez besteko egonaldiarekin.
Gaua igaro zuten pertsonek erabilitako garraioari dagokionez, hirutik bik hegazkinez egin zuten bidaia. % 58k hoteletan hartu zuen ostatu, eta % 35ek apartamentu turistikoetan.
Azterlanaren arabera, Bilbok, Bizkaiak eta Euskadik intereseko helmuga turistiko gisa aurkeztea lortu zuten, eta parte-hartzaileen aipamenek argi utzi zuten hirian bizi izan zen giroaren garrantzia, baita partidari laguntzeko proposatutako jarduera osagarriena ere.
Parte hartzeko motibazioak bi izan ziren nagusiki: ekitaldiaren tamaina, Europako maila goreneko txapelketari dagokion finala zelako, baina baita une paregabe batean Bilbo, Bizkaia eta Euskadi bizi eta bisitatzeko aukera ere. UELF 2025ek eragindako turismoaren % 47k lurraldea biziki gomendatuko luke, eta mobilizatutako turismoaren % 67k aitortu zuen itzultzeko prest zegoela.
Kalitate "oso oneko" esperientzia
Esperientziaren kalitateari dagokionez 10etik 8,5eko batez besteko notarekin baloratu zen. San Mamesera partida ikustera sartu zirenen artean batez besteko gogobetetzea 8,75era igo zen: 10 pertsonatik 6k "oso asebeteta" sentitzen zirela esan zuten, eta ia % 40k "asebeteta" sentitzen zirela, bizipenarekin parte-hartze handia izatearen sintoma. Gauza bera gertatzen da ekitaldian parte hartu zuten baina sarrerarik ez zuten pertsonekin: % 50,1ek esan zuen ekitaldiaren kalitatearekin "oso asebeteta" zegoela eta % 36k "asebeteta" zegoela.
Ekitaldiaren antolaketari dagokionez lortutako gogobetetzea oso handia izateaz gain, homogeneoa ere izan zen antolaketa-eremu guztietan. Atal honen barruan staff-aren adeitasuna eta tratua (10/8,66), segurtasuna (10/8,64), hiriko ostalaritza (10/8,61), tokiko biztanleen gogoa eta babesa (10/8,55) eta San Mames estadioaren beraren kalitatea (10/8,60) nabarmentzen dira.
Finalaren inpaktuak egiaztatu du euskal gizarteak ia modu bateratuan partekatzen duela legatua arlo ekonomikotik haratago doala. Pertsonen % 76ri "harrotasun eta zoriontasun sentimenduak" sortu zizkien ekitaldi honek; % 85en ustez, "Bilbon, Bizkaian eta Euskadin ekitaldi erakargarriak antolatzen dira", eta % 80k esan zuen "horrelako ekitaldiak ekartzen jarraitu behar dela".
Inpaktuari buruzko azterlanean antzemandako hobekuntza-aukerei dagokienez, hiriaren garestitasuna edo aparkatzeko arazoak izan ziren gehien errepikatu ziren gaiak, jasotako bat-bateko aipamen guztien % 29,6 eta % 11,4rekin.
Eragin mediatiko eta sozial ona duen ekitaldia
2025eko urtarrilaren 1etik maiatzaren 24ra bitartean UEFA Europa Leagueko Finalak 6.720 inpaktu eragin zituen prentsan, irratian, telebistan eta, batez ere, sare sozialetan (% 36,2), ia 34 milioi euroko balio ekonomiko metatuarekin. 10 aipamenetik 4 tokiko hedabideetan izandako inpaktuekin bat etorri ziren.
Gizarte-arloari dagokionez guztira 270 boluntariok parte hartu zuten ekitaldian, eta Bizkaiko 11 gizarte-erakundek lagundu zuten.
Beste alde batetik, garbiketa publikoko eta udal hondakinen kudeaketako zerbitzuek emandako datuei dagokienez, bereizita bildutako hondakinen kopurua % 58,41ekoa izan zen, eta alderdi positibo hori garrantzitsua da, batez ere paperaren eta kartoiaren kasuan.
Ikuspegi jasangarriko mugikortasun-estrategiaren arloa aipatzekoa da hiritik kanpo kokatutako disuasio-parkinen bidez charter hegaldiei lotutako autobusen kudeaketa, Bilbo barruan oinezko ibilbideei lehentasuna emanez, eta Bizkaibus, Metro Bilbao eta Euskotrenen laguntza, estrategia horrek emaitza ezin hobeak izan zitzan.
2026ko errugbiko finalak
Nazioarteko kirol ekitaldi handiak erakartzeko estrategiaren baitan, 2023ko uztailean Grand Départ Pays Basque ekitaldia ospatuta lortutako arrakastaren ondoren eta 2024ko UEFA Women's Champions Leagueko Finaleko eta 2025eko UEFA Europa Leagueko Finaleko zifra positiboekin, oraingo honetan hitzordua 2026ko errugbiko finalak dira, kasu honetan ere Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sustatuta.
San Mames estadioan hurrenez hurren maiatzaren 22an eta 23an jokatuko diren EPCR Challenge Cup 2026 eta Investec Champions Cup 2026 finaletarako sarrerak salgai daude, bi partidetarako sarrerak barne hartzen dituzten asteburuko pakete bereziak eskainiz: sarrerak esteka honetan eros daitezke.