Z dakit nork esan eban finalak irabazi egin behar dirala. Garaipena eskuratzeko, baina, ausardiaz jokatu behar da. Hau da, zelaian ondo ordenatuta egotea ez da nahikoa. Golak ez dira berez etorten. Aurkariaren atearen bila joan behar da txapela irabazi ahal izateko eta Athleticek ez eban horrelakorik egin Real Madriden aurkako finalean. Marcelino Garcia Toralen taldeak ez eban bere mailarik onena emon egungo liga txapeldunaren aurka eta jakina, holan ez dago ezer irabazterik. Lau final jokatu dabez zuri-gorriek urte betean baina bakarra irabazi, lehenengoa. Galtzaile izan dira Reala, Bartzelona eta Real Madriden aurka eta hiru partidu horreetan ez dabe meritorik egin garaipena eskuratzeko. Egia da, domekan duintasunez galdu ebala Athleticek, mereengeek ez eben-eta arrisku handirik sortu Unai Simonen atean. Baina egia da baita be, Muniain, Williams eta enparauek ezer gitxi egin ebela Courtoisen atea zulatzeko. Pentsa lei finalek sortzen daben presinoa zama astunegia dala Marcelinoren jokalarientzako eta lotu egiten dauzela. Edozelan be, hirugarren finala erreskadan galdu izana gogorra bada be, balorazino positiboa egin geinkela uste dot. Taldeak maila bikaina emon eban Atletico de Madriden aurka eta finalean ezin izan eutson irabazi aurkari on bateri.

Real Madrid bezalako talde indartsu bateri irabazteko gauza asko gertatu behar dira batera: merengeek ez dabe egunik onena euki behar, zuri-gorriek bikain jokatu behar dabe, zorteak lagundu egin behar dau eta arbitroak ez dau talde zuri-gorria kaltetu behar. Superkopako finalean Real Madridek ez eban partidu handia egin baina egin ebanagaz nahiko izan eban erasoan ezinean ibili zan aurkaria menderatzeko. Horregaz batera, zorteak be ez eutson lagundu Marcelinoren taldeari, Yerayren penaltia zoritxarreko jokaldia izan zalako eta Raul Garciak huts egin ebalako Athletic partidua bardintzera hurreratuko eban penalti jaurtiketan. Azkenik, arbitroak kalte egin eutson Athleticeri. Yerayren penaltia adierazo egin eban baina ez eban gauza bera egin baloiak Alabaren eskuan jo ebanean. Nik beti esan izan dot, Real Madriden aurkako partiduetan gauza gehiegi gertatzen dirala eta guztiak Athleticen kalterako.

Marcelino Garcia Toralen taldea menderatzeko gatxa da edozein aurkarirentzat, lehiatu egiten dalako partidu guztietan. Lehen esan doten moduan, baina, lehiatzea ez da nahikoa partiduak irabazteko. Zelaian ondo jarrita egotea baino gehiago egin behar da. Eta Athleticek arazoak daukaz arriskua sortzeko. Ez da kontu barria. Sadarren hiru gol sartu ostean, zuri-gorriak ez ziran gauza izan Alavesen atea zulatzeko. Atletico de Madrideri gol bi sartu eta gol aukera garbiak sortu ostean, Real Madriden aurka ezer gitxi egin eben erasoan. Final aurreko partidua eraldatu eban Nico Williams be ezinean ibili zan finalean. Williams gaztea jokalari ona da baina bide luzea dauka egiteko. Ez gaitezan zoratu eta ez daigun jokalaria zoratu.

Athleticeko jokalariek ez dabe asti handirik izango beste final bat galdu izanari bueltak emoteko, etzi kopako partidua jokatuko dabelako Bartzelonaren aurka. Barriro dinot zuri-gorriek euren mailarik emon beharko dabela Xaviren taldea kanpora-tzeko. Horretarako, ausardiaz jokatu beharko dabe. Norgehiagoka San Mamesen jokatuta Athletic ausart bat ikusiko dogula uste dot. Final laurenetarako sailkatzea baino gehiago dago jokoan etziko partiduan.