Athleticek ez eban galtzea merezi Sevillaren aurkako partiduan. Sinistuezina izan zan zuri-gorriak golik sartu barik geratu izana lehen zati bikaina egin ostean. Gauza bera gertatu jakon hamar egun lehenago Santiago Bernabeun. Zuri-gorriak Real Madrid baino gehiago izan baziran be, hiru puntuak aurkariarentzat izan ziran. Eta kasu bietan -Cornellan be bai- eraginkortasuna erabakigarria izan zan. Zuri-gorriek gol aukera ugari eta garbiak sortu arren ez eben asmau ate aurrean. Aurkariak, ostera, eraginkortasun handia erakutsi eben Unai Simonen ate aurrean, arrisku gitxi sortu arren gol egitea lortu ebelako.

Zortzi partidu daroaz irabazi barik Marcelinoren taldeak eta ezintasun horrek jokalariengan eragiten dauen presinoa gero eta handiagoa da. Esan beharrik ez dago bolada hori lehenbailehen eten behar dala, irauli ezina bilakatu baino lehen. Sevillaren aurkako partiduaren osteko Marcelinoren prentsaurrekoa entzunda, ezin dogu fedea galdu. Sinistu egin behar dogu talde honetan. Sikatea amaitu egingo da eta emaitza onak etorri.

Liga txapelketearen erdia baino gehiago jokatzeko dagoanean eta zortzi jardunalditan garaipenik lortu barik egon arren, Athleticek sei puntura ditu Europarako sailkatzeko postuak. Kontuak kontu eta ezintasunak ezintasun, badago baikor egoteko arrazoirik. Hori bai, taldeak lehenbailehen erreakzionatu behar dau. Betis eta Real Madriden aurkako partiduak, biak San Mamesen, aukera ederrak dira taldea bizirik dagoala erakusteko. Horretarako, Dani Garciak eta Vencedorrek erasoko jokoaren sorkuntzan parte hartzen segidu behar dabe, Sevillaren aurka egin eben moduan. Golak baino ez dira falta eta sinistu daigun iritsiko dirala. Ez dago besterik.