Getaferen aurkako partiduan Athleticeko jokalaririk onena Unai Simon izan dala esateak garbi erakusten dau zuri-gorriek ez ebela maila ona emon Alfonso Perez estadioan. Marcelinoren taldeak ezer gitxi egin eban aurkariaren ate aurrean eta ez eban galdu atezainak bikain defendidu ebalako bere atea Getafek euki ebazan hiru aukera garbietan, Aleña, Sandro eta Oliveraren oinetan. Beste era batera esanda, Athletic hurrago egon zan partidua galtzetik irabaztetik baino. Izan be, zuri-gorriek ia jaurti be ez eben egin David Soriaren atera. Williams eta enparauek sortu ebezan arriskuko jokaldietan, negargarri ibili ziran ate aurrean.

Marcelinok dino taldeak golak egiteko dituen arazoak zalerian eta hedabideetan sortutako run-runak konfiantza kendu deutsela jokalariei presino handiegia leporatu deutselako. Atxakia baino ez da. Inork ez dau run-runik sortu. Athleticek hamahiru gol baino ez dauz sartu hamasei partidutan. Errealidade gordina da. Estatistika negargarri eta kezkagarri horrek ez dau interpretazinorako tarterik ixten.

Eta arazo bat dagoanean konponbideak bilatu behar dira. Zeozer aldatu egin behar da. Marcelinok barriz, ez dau ezer aldatzen. Irabazi zein galdu, Athleticek 4-4-2 sistemeagaz jokatu behar dau, bai ala bai. Betiko planteamenduagaz betiko emaitzak. Zure taldeko golegile nagusia izan behar dauenak hiru gol bakarrik sartu dauz hamasei partidutan. Garbi dago Williams ez dala killer bat baina agian ez leuke jokatu behar Marcelinok beti ipinten dauen lekuan, bere errendimendua makala dalako. Bestalde, entrenatzaileak ez dau erdialdea aldatu gura. Azken partiduetan Oier Zarraga sartu dau hamaikakoan. Entrenatzaileak, baina, hegalean zelairatu dau getxoztarra, euskarriko bikotea ikutu barik. Ez da ausartzen, taldeak sendotasuna galduko leukelakoan. Azkenik, Getaferen aurkako partiduan Marcelinok garbi erakutsi eban ez daukala konfiantza handirik ordezkoen aulkian dagozan jokalarietan. Txarto jokatzen ibili arren -entrenatzailak berak esan eban bigarren zatian taldeak ezer gitxi egin ebala- ez eban aldaketarik egin hirurogeta hamalaugarren minutura arte, Sancet zelairatu eban arte. Ganerako beste lau aldaketak partiduaren ondarrean egin ebazan.

Sevilla, Betis eta Real Madriden aurka jokatuko dau Athleticek hurrengo hiru jardunaldietan. Hirurak San Mamesen. Hiru partidu honeek esango deuskue nondik ibiliko dan Athletic denboraldi honetan.