Marcelino erabagiak hartzen hasi behar da taldearen norabidea zuzendu gura badau. Elx, Rayo edo Cadizen aurkako partiduetan gertatutakoa ez zan istripua izan. Athleticek ondo eusten deutso aurkariari eta oso gatxa da Unai Simonen atea zulatzea. Baloia hanketan daukienean agertzen dira arazoak talde zuri-gorriarentzat. Marcelinok argi dauka zein dan bere gustoko hamaikakoa baina orain arte ikusitakoaren arabera garbi dago entrenatzaileak aukeratutako blokearen errendimendua nahi baino makalagoa dala, erasoko jokoari jagokonean batez be. Teknikoak berak autortu dau erasoan gauza gehiago egin behar dirala partidu bat irabazteko. Exijentzia maila handitu egin behar dala nabarmendu dau misterrak. Hamahiru jardunaldi igaro behar izan dira entrenatzailearen ahotik autokritika hori entzuteko. Ba, bere eskuetan dauka taldeak erakusitako ezintasunari konponbidea emotea.

Muniain, Berenguer, Raul Garcia eta Williams, Marcelinok erasoko jokorako aukeratutako jokalarien errendimendua ez da bape ona izan azken partiduetan. Entrenatzaileak, baina, euren aldeko apostua berretsi egiten dau domekero.

Beste aukera batzuk jorratzeko momentua da. Esatebaterako, eta sarritan errepikatu doten moduan, erdialdean jokatzen dauen bikoteak gauza gitxi emoten deutso erasoko jokoari. Dani Garcia-Vencedor bikotearen zeregin nagusia aurkariaren jokoa haustea da, erasoko jokoaren erantzukizuna Muniain, Berenguer, Raul Garcia eta Williamsi itxita. Hamaikakoko zazpi jokalariren zeregin nagusia defenditzea da eta lauk bakarrik begiratzen dabe aurkariaren atera. Beste era batera jokatu daiteke, euskarrian aurrerantz jokatuko dauen gizon bat ipinita. Oier Zarraga litzateke hautagai nagusia.

Beste alde batetik, haize freskoa sartu behar da hamaikakoan, titular batzuren errendimendu makala ikusita. Berenguerrek atsedena behar dau eta kapitaina bera be ez litzateke ikutuezina izan behar. Horregaz batera, Oihan Sancet hamaikakoan egon behar da bai ala bai. Ganera, ez da baztertu behar Marcelinok ipinten dauen lekuan baino atzerago jokatzea. Hau da, ez litzateke baztertu behar Sancet eta Raul Garciak batera jokatzea. Eta zer esan gure aurrelariaren ganean. Levanteren zelaian be aukera garbi bi euki ebazan, bat batez be, baina ez eban asmatu ate aurrean. Kontuak kontu, hamaikakoa jalgi egin behar da.

Eta Bilbao Athleticen egoerearen ganean berba bi: Imanol de la Sota oso entrenatzaile ona da eta Carlos Gurpegi, euki leiken laguntzaileriak egokiena. Bikote honentzat ez da bape erreza partiduak prestatzea, aste barruko lan saio askotan jokalari ugarik lehen taldeagaz entrenatzen dabelako. Ez gaitezen zoratu.