Marcelinok ez eban aldaketarik sartu aurreko jardunaldietan erabili eban hamaikakoan eta Raul Garcia ipini eban Williamsen atzetik, guztiz errekuperatuta dagoan Oihan Sancet ordezkoen aulkian itxita. Partidua hasi aurretik garbi egoan Athletic jokoari erritmo handia sartzen ahaleginduko zala -hori egiten dauelako partidu gehienetan- eguaztenean Suitzan jokatzetik etozen Vila-realeko jokalariak nekatzeko. Partiduaren lehen ordu erdia bikaina izan zan benetan. Iker Muniainek ondo gidatuta, zuri-gorriek joko azkarra eta bertikala erakutsi eben, gol aukera garbiak sortuz ganera. Benetako geure estiloa. Beste norgehiagoka batzuetan, erasoko jokoan parte hartze eskasa euki izan daben Dani Garcia eta Unai Vencedor, inoiz baino erasokorrago aritu ziran. Nabarmentzekoa izan zan baita be, Iñigo Lekueren ekarpena. Deustuarra bizi bizi ibili zan bere hegaletik eta min egin eutson aurkariaren atzealdeari. Gogora ekarri euskun Bilbao Athleticen ikusi genduan hegaleko azkarra eta zorrotza. Athleticetik alde egiteko aukera azter-tzen ibili ostean, Lekuek ederto baliatu dau Marcelinok emon deutson aukerea.

Beti esan izan dot partidu bateko azken emaitzak goitik behera baldintzatzen dauela ondorengo balorazinoa. Partiduaren lehen ordu erdian jaun eta jabe izan ostean, aurkariaren golak min handia egin eutson etxeko taldeari eta bigarren zatian galdu egin eban partiduaren kontrola. Bigarren gola etortzear egoan baina ez egoan argi noren alde. Zorionez, txanpona zuri-gorrien alde jausi zan penalti bati esker. Interesgarria iruditu jatan Unai Emeryren ausnarketea Cuadra Fernandezen adierazo eban penaltiaz.

Bederatzi jardunaldi jokatuta, garbi esan daiteke Marcelinoren taldea bide onetik doala. Zuri-gorriek partidu bakarra galdu dabe - Iraolaren Rayoren aurka San Mamesen eta azken minutuan- eta inork baino gol gitxiago jaso dabe, bost hain zuzen be. Zenbaki honeek argi eta garbi erakusten dabe Athletic aurkari gatxa dala edozein talderentzat. Era berean, Bilboko taldea da gol gitxien sartu dituen taldea sailkapeneko goiko aldean dagozanetatik. Hori be, kontuan hartzeko datua da.

Taldearen sendotasuna eta erregulartasuna neurtzeko balioko daben partidu bi jokatuko ditu Athleticek hurrengo egunetan: Espanyolen aurka gaur eta Realaren kontra domekan, etxetik kanpo biak. Lastimea Asier Villalibre barriro lesionatu izana. Gernikarrak aberastu egiten dau taldearen erasoko jokoa.

Amaitzeko, autortu behar dot Ahleticeko bazkideen ordezkarien batzarrek abrozidu egiten nabela. Zapatu honetako batzarrak garbi erakutsi dau bazkideek bizkarra emon deutsela Elizegiri eta bere zuzendaritza batzordeari. Ez dot autokritikarik entzun.