THLETICEK garaipen bi kateatu barik esango deutso agur denboraldiari. 1963Tik ez da horrelakorik gertatu. Aldiz, partidu bi erreskadan galtzea lortu dau Marcelinoren taldeak ikasturte amaiera triste honetan. Taldeak ez dauka ezer jokoan sailkapenera begira eta igarri egiten da bedartzan. Igarri egin zan Huescaren zelaian eta igarri egin zan domekan San Mamesen Real Madriden aurkako partiduan. Urtero Katedralean jokatzen dan partidurik erakagarrienak eta lehiatuenetakoak, ez zituan aurreikuspenak bete aurkari biek erakutsitako mailea eskasa izan zalako. Egia esateko, Athleticek ez eban galtzea merezidu eta Real Madridek gauza gitxi eginda lortu ebazan hiru puntuak. Marcelinoren taldeak ez eban askorik sufridu atzealdean, besteak beste, merengeek oinez jokatu ebelako. Erasora begira, aldiz, zuri-gorriak ez ziran hiru pase ganoraz emoteko gauza izan. Eskerrak partidu bakarra geratzen dana ligeari agur esateko. Talde hau erreta dago eta haize freskoa eta atsedena behar ditu hurrengo denboraldira begira.

Athleticek denboraldiko partidurik makalenetakoa jokatu eban El Alcorazen mailari eusteko borrokan dabilen Huescaren aurka. Pachetaren taldea aurkaria baino gehiago izan zala aitortu eban Marcelinok. Zelaian agirikoa izan zan etxeko taldeak aurkariak baino gogo eta intentsitate gehiago ipini ebazala hiru puntuak eskuratzeko lehian. Real Madriden aurka be, Athleticek ez eban zereginik sailkapenera begiratuta, baina danok itxaroten genduan merengeen aurka jokatu izanak amorruz aritzea ekarriko ebala talde zuri-gorriaren aldetik. Ganera, Marcelino Bilbora iritsi zanetik, behin baino gehiagotan entzun dogu Athleticek maila hobea emoten dauela talde handien aurka, txikien aurka baino. Ba, usteak ustel gertatu ziran ze domekan San Mamesen ikusi genduan norgehiagokea, Athleticek eta Real Madridek aspaldiko urteetan Katedralean jokatu daben partidurik eskasena izan zalako. Zidaneren taldeak ez eutson minik egin aurkariari eta etxeko taldea ezinean ibili zan erasoan, ganorazko pase bi josi ezinik. Kontu bi nabarmenduko neukez Athleticen: batetik, entrenatzaileak hamaikakoan zelairatu eban Iñaki Williams eta barriro be aurrelariaren errendimendua oso eskasa izan zan. Bestetik, Marcelinok arazo bat dauka erdialdean. Izan be, erdiko postu bietan txandaka joka-tzen daben lau gizonak emoten dabilzan mailea nahi baino makalagoa dalako. Kontuak kontu, talde hau erreseteatu egin behar da eta ezinbestekoa da ausnarketa sakona egitea hurrengo denboradirako plantilea oso-tzeko orduan. Azken kontu bat: Benetan gatx egiten jat ulertzea zer dala eta dagoan erabat baztertuta Iñigo Vicente, are gehiago zenbait taldekideren errendimendu eskasa ikusita. Ez dot uste minutu batzuk jokatzeko aukerea emotea ezer oparitzea danik.

Amorebietaren eta Bilbao Athleticen eskutik etorri jaku asteburuko poza. Itzela da talde bi honeek Bigarren A mailan jokatzetik partidu bakar batera egotea. Amorebietaren kasuan, zorrez beteta eta desagertzeko zorian egotetik, futbol profesionalean musturra sartzeko zorian egotera igaro da urte bitan. Gertatzen dana gertatzen dala, zorionak Iñigo Velez de Mendizabal eta bere taldeari eta Jon Larrea eta berak zuzentzen dauen direktibeari. Bilbao Athletici dagokionez, nabarmendu egin gura dot Celta Bren aurka zelairatutako hamaikakotik, zortzi jokalari bizkaitarrak dirala eta beste bi, Prados eta Nico Williams, Lezamara oso gazte etorritakoak. Horregaz esan gura dot, fitxaketarik onenak Lezaman bertan doguzala, auzokoaren etxera gehiegi begiratu barik.