Brankaganetik kikuke

Non dago Superkopako Athletic?

Zorionez, Marcelino seguru dago finaletan ez dogula horrelako huts egite larririk ikusiko

23.03.2021 | 00:48
Non dago Superkopako Athletic?

Marcelino Garcia Toralek hasiera bikaina emon eutson bere ibilbideari Bilbon Superkopea irabazita eta Real Madrid eta Bartzelona menderatuta ganera. Athletic zaleok harrituta geratu ginan entrenatzaile asturiarraren eskutik taldeak izan eban itxuraldeketeagaz. Zuri-gorriek erakutsi eben edozein aurkariri irabazteko gauza zirela. Hori gitxi balitz, 2021denboraldiko kopako finalerako sailkapena lortu eben. Olatu ganean ebilen Athletic. Azken aldian, baina, taldearen errendimenduak beherakadea euki dau eta emaitzak ez dira bape onak izan Ligan. Hamaika partidutan, Marcelinoren taldeak hiru garaipen baino ez dauz lortu, Getafe, Cadiz eta Granadaren aurka, eta hogeta hamahiru puntutik hamalau bakarrik eskuratu dauz. Ez dira zenbaki onak, ez. Badago zer hobetu datozen hamabost egunetan kopako finaletara ahalik eta indatsuen iristeko.

Titular guztiak zelairatu ebazan Marcelinok Eibar taldearen aurkako partiduan, entrenatzaileak baekialako garaipena eskuratzea zala modurik onena kopako finala prestatzen hasteko. Zuri-gorriek, baina, ezin izan eben menderatu Mendilibarren taldea. Barriro be, aurkariak ia ez eban arriskurik sortu Unai Simonen atean baina Athletic ez zan garaipena eskuratzeko gauza izan arrazori bigaitik: bardinketaren gola oparitu egin eutsolako aurkariari eta ez ebalako min handirik egin Dimitrovicen atean. Marcelinoren taldeari asko kostetan jako garaipenak eskuratzea, jokoan, tramitean, aurkaria baino gehiago izan arren. Taldeak galdu egin dau superkopako partiduetan eta beste zenbaitetan erakutsi dauen txispa eta eraginkortasuna. Azken aldian ikusi dogun Athleticek ilusinoa barik kezkea sortzen dau eta aitzaki lez ez deust balio jokalariak kopa finaletan pentsetan dagozala.

Marcelino inoiz ez lez agertu zan San Mameseko prentsa aretoan Eibarren aurka bardindu osteko agerraldian. Triste egoala esan eban entrenatzaile asturiarrak baina triste barik hasarre, oso hasarre egoala esango neuke. Ez jakon gustau zelaian ikusi ebana eta une baten mahaia jo eban ukabilagaz partiduko minutu guztietan lehiatu egin behar zala eskatzeko. Seguruenik, Unai Lopezek egin ebana egin izan ez baleu, Athleticen garaipen batetaz egongo ginan berbetan. Erdilariaren opariak, baina, min handia egin eutson bere taldeari eta ondo bideratuta eukan partidua okertu egin eban. Zorionez, Marcelino seguru dago finaletan ez dogula horrelako huts egite larririk ikusiko eta taldeak mailarik onena emongo dauela.

Athleticeko entrenatzaileak egun asko daukaz aurretik Realaren aurkako finala prestatzeko. Inoiz ez dau hainbeste denbora izan partidu bat prestatzeko. Esan beharrik ez dago taldearen mailarik onena berreskuratzea izango dala Marcelino eta bere laguntzaileen zeregin nagusia datozen egunetan. Izan be, arestian esan bezala, taldearen errendimenduak beherantz egin dau azken partiduetan, zelai erditik aurrera batez be. Unai Lopezek garesti ordaindu leike Eibarren aurka egindako huts egite larria. Vesgak be ez dau mailarik onena emon azken partiduetan eta Dani Garciak eta Vencedorrek be ez dabe gauza handirik erakutsi titulartasuna berreskuratzeko. Iñaki Williamsek, oso langile ibili arren, ez dau eraginkortasunik erakusten aurkarien ate aurrean. Gauza bera esan geinke Raul Garciaren ganean. Txaponaren beste aldean, atzealdeko De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez eta Yuri Berchiche bikain dabilz. Marcelinok badaki zer egin behar dauen taldearen mailarik onena berreskuratzeko.

noticias de deia