ARCELINO Garcia Toralek Athleticen ardurea hartu ebanetik hamar partidu jokatu ditue zuri-gorriek Liga txapelketan eta gehienetan -zazpitan hain zuzen be- ez dira garaipena eskuratzeko gauza izan. Horretaz ganera, Bartzelona eta Atletico de Madridek bakarrik lortu dabe bilbotarrak menderatzea eta gol bakar bategaitik ganera. Kontuak kontu, Marcelinoren Athletic aurkari gatxa da edozein talderentzat baina era berean, zuri-gorriek arazo handiak daukiez garaipenak eskuratzeko. Atzealdeko huts egiteak dirala edo aurrealdeko eraginkortasun makala dala, Muniain eta enparauek nahi baino puntu gitxiago lortu ditue Liga txapelketan. Ondorioz, Athletic hamargarren postuan dago, sailkapenaren erdi-erdian, Europako postuetatik sei puntura eta jaisteko postuetatik hamaikara. Ligan hamaika jardunaldi geratzen badira be, eta Europa hain urrun ez badago be, garbi dago zeintzuk diran lehentasunak denboraldiaren azken txanpa honetan.

Kopa txapelketako final bi jokatuko dauz Athleticek apirilean eta esan beharrik ez dago Sevillako La Cartujan jokatu beharreko lehia bi horreek goitik behera baldin-tzatzen dabela talde zuri-gorriaren egunerokoa. Ez daukat zalantzarik Marcelinok irabazi egin gura ebala Celtaren aurkako partidua. Entrenatzaileak, baina, ordezkoen aulkian itxi ebazan titular ba-tzuk. Arestian esandakora itzulita, Athleticek denboraldiko partidu garrantzitsuenak jokatuko dauz apirilaren 3an eta 17an eta talde teknikoaren helburua garbi dago: jokalariak fisikoki ahalik eta indar-tsuen heltzea final bietara. Pentsa lei, prestatzaile fisikoak entrenatzaileak baino gehiago aginduko dauela datozen aste bietan. Oraindik gogoan daukaguz Bielsaren aginduetara jokatutako final bietan gertatutakoa. Hau da, jokalariak errementauta iritsi ziran Bartzelonaren aurkako kopako finalera eta Atletico de Madriden aurkako Europa Leagueko finalera eta ez ziran ganoraz lehiatzeko gauza izan. Ikusitakoaren arabera, edozeinek aurreratu leike Marcelinok finaletan zelairatuko dauen hamaikakoa. Hamaika jokalari horreek altxor bat balitz lez zainduko dabez hurrengo asteetan.

Lehentasunak Sevillako finalak izan arren, ukaezina da Athleticek arazoak dituela partiduak irabazteko. Ligan, hamarretik hirutan baino ez dabe garaipena eskuratu. Zuri-gorriek ondo defenditzen dabe euren atea eta Unai Simonek ez dau ia lanik izaten. Erasoan, baina, Marcelinoren taldeak nahi baino arazo gehiago ditu aurkariaren atea zulatzeko. Atletico de Madriden aurka zuri-gorriek ederto erabili eben baloia -lehenengo zatian batez be- baina ia gol aukerarik sortu barik. Balaidosen be, ez eutsoen lan handirik emon Celtako atezainari eta golen bat sartu barik geratu ziran lehenengo bider Marcelino taldean dagoanetik. Deigarria da denboraldiko sasoi honetan erdilari bat izatea taldeko goleatzaile nagusia. Williamsek bost gol baino ez dauz sartu hogeta zazpi partidutan. Ez da datu ona taldearen erasoko jokoaren erreferente nagusiarentzat.

Beste alde batetik nabarmen-tzekoa da Iker Muniainen eta Yeray Alvarezen sasoi gozoa. Txantreako erdilaria taldeko jokalari garrantzitsuena da une honetan eta sasoi betean iritsiko da Kopako final bietara. Gauza bera esan daiteke Yeray Alvarezen ganean. Atzelariak partidu bikaina jokatu eban Balaidosen eta beste taldekide batzuren hutsak konpondu ebazan behin baino gehiagotan. Ganera, Iñigo Martinez jokatzeko prest dago lau partiduko zigorra bete ostean. Albiste bikaina talde zuri-gorriarentzat.