Gauza asko egozan jokoan liga txapelketako hamargarren jardunaldiko partiduan. Lehiaketearen hasierako laurenean egon arren, Athleticen zuzendaritza batzordeak mahai ganean eukan entrenatzailea aldatzeko aukerea, taldeak aurreko zortzi jardunaldietan erakutsitako joko makalaren ostean. Benetako match-ball-a zan Gaizka Garitanorentzat. Halako egoeretan arriskatu beharra izaten da eta Derioko entrenatzaileak ausardiaz planteatu eban Betisen aurkako partidua. Denboraldi honetan hasierako hamaikakoan inoiz egon ez diran Vencedor eta Villalibre zelairatu zituan. Horregaz batera, Raul Garcia itxi eban ordezkoen aulkian eta nafarra barik Athleticek beste era batera jokatzen dau. Iker Muniainek gustuko dauen lekuan jokatu eban -aurrelariaren atzetik zelai erdian- askatasun osoagaz eta bikain gidatu eban zuri-gorrien erasoko jokoa, Vesgak eta Vencedorrek ederto lagunduta. Athleticeko euskarri biek aurrera begira jokatu eben, taldearen onerako.

Beste alde batetik, Asier Villalibrek bikain erantzun eutson entrenatzaileak beregan jarritako konfiantzeari. Bederatzi partidu behar izan dauz Garitanok aurrelari gernikarra hasierako hamaikakoan sartzeko, titular batzuren errendimendua oso eskasa izan arren. Ez eban golik sartu baina Athleticen erasoko jokaldi arriskutsu guztietan parte hartu eban. Athleticen jokoak behar eban konponbidea etxean bertan egoan, Lezamako harrobitik sortutako jokalarietan. Gauzak aldatzeko gogoa bakarrik falta zan eta kostata izan bada be, Garitanok bide barriari ekin deutso.

Betisen aurkako partidua inflexino puntua izan behar da Athleticentzat. Ezin da egun bateko susperraldian geratu. Gaizka Garitanok badaki sarritan match-ball baten ostean beste bat etorten dala eta Betisen aurkako norgehiagokan ikusitakoak garbi erakutsi dau zein dan bidea taldeak goranzko bideari eutsi deion. Era berean, ez litzateke bidezkoa izango taldearen ganeko presino itogarriak bere horretan jarraitzeak, kalte bakarrik egingo leuskiolako. Partidu guztiak ezin dira epaiketak izan. Taldea ezin da finalak jokatzen hasi hain goiz.