Athleticek berrogeita bat gol sartu eta hogeta hamazortzi jaso dauz hogeta hamazortzi jardunalditan. Garitanoren taldea bostgarrena da gol gitxien jaso daben taldeen zerrendan, Real Madrid, Atletico, Sevilla eta Getaferen atzetik. Gol gehien sartu dabenen zerrendan, ostera, hamahirugarren postuan dago Athletic. Europarako sailkatzeko borrokan lehiakide izan diran taldeekaz alderatuta, zuri-gorriek Vila-realek baino hogeta bi gol gitxiago sartu ditue, Realak baino hamabost gitxiago eta Granadak baino hamaika gitxiago. Jagoba Arrasateren Osasunak be Athleticek baino bost gol gehiago sartu ditu. Garbi dago, Garitanoren taldearen arazoa erasoko jokoan dagoala. Entrenatzaileak berak autortu eban Leganesen aurkako porrotaren ostean: "Gure aurkariek guk baino gaitasun handiagoa daukie erasoan". Arazoa bikotxa da. Alde batetik, zuri-gorriei asko kostaten jake gol aukerak sortzea eta sortzen dabezan asko ez ditue gauzatzen. Granadaren aurkako azken partiduak be beste bide bat hartuko eban Asier Villalibrek lehen zatian euki eban aukera garbia sartu izan baleu.

Aritz Adurizek agur esan deusku eta beste beterano bat, Raul Garcia izan da taldeko goleatzailerik onena denboraldian. Hogeta hamalau urte bete dauz nafarrak eta ez dogu luzaroan izango taldean. Iñaki Williams dogu bigarrena goleatzaileen zerrendan. Sei gol sartu dauz Ligako hogeta hamazortzi partidutan jokatu dituen 2.949 minutuetan. Gol bat 5,4 partiduko. Batez besteko negargarria jokalari-frankizia ei danarentzat. Muniainek be bost gol baino ez dauz sartu eta Villalibrek hiru. Ganera, erasoko lerroan jokatu izan daben beste batzuk ezintasun kezkagarria erakutsi dabe aurkariaren atera begiratzeko orduan. Esan beharrik ez dago hain gol gitxi sartuta oso gatxa dala sailkapeneko goialdean egotea.

Azken hausnarketea: entrena-tzailearen errua da taldeak hain errendimendu makala erakutsi izana erasoan ala behiak emoten dauen esnea emoten dau eta kitto? Gaizka Garitanok bere erantzunkizun zatia eukiko badau be, uste dot talde honetako jokalariak nahiko mugatuta dagozala erasoko jokoa sortu eta golak sartzeko orduan. Daukaguna daukagu eta horregaz tiretu behar dogu. Ahal bada plantilea indartu egin behar dogu datorren denboraldirako eta ezker hegala batez be. Lan handia egitea ez da nahikoa lehen mailan, trebezia be erakutsi behar da.