Gaizka Garitanok arrazoi osoa dauka Athletic zaleok txarto ohituta gagozala dinoanean, San Mamesko partiduetan batez be. Izan be, gure taldea irabazten ikusten dogu beti edo ia beti. Zuri-gorriek aurten Katedralean jokatu dabezan hemeretzi partiduetan, hamahiru garaipen eta bost bardinketa eskuratu dabez. Guztira 44 puntu lortu ditu Garitanoren taldeak etxeko partiduetan eta Valentziak bakarrik irabazi dau aurten San Mamesen. Lehen mailako beste taldeekaz alderatuta, Bartzelonak bakarrik lortu dau Athleticek baino puntu gehiago etxeko partiduetan. Marka itzela benetan. Eibarren aurka, baina, zuri-gorriek ezin izan eben garaipena eskuratu, Mendilibarren taldeak ito egin ebalako. Zaldibarko entrenatzaileak ondo baino hobeto daki zelan jokatzen dauen Athleticek eta erasorako bide guztiak itxi eutsozan. Gaizka Garitanok be ederto ekian zelako partidua planteauko eban Mendilibarrek baina ezin izan eutson behar bezala erantzun. Edozelan be, entrenatzaile biek bardinketea bidezkotzat jo arren, lehiakide bietako batek garaipena merezidutekotan horixe Athletic izan zan. Horrelako partidu ilunetan, Ibai Gomezek izan zuen gol aukerea sartu egin behar da bai ala bai.

Aurreko lau jardunaldietako partiduetan galtzaile izanda eta jokalari garrantzitsu batzuk barik ekin eutson Eibarrek Athleticen aurkako partiduari San Mamesen. Ganera, Athleticek San Mamesko partiduetan erakutsitako sendotasuna kontuan izanda, zuri-gorriak faborito garbiak ziran hiru puntuak eskuratzeko. Talde bakotxak bere armak erabili zituan Katedraleko bedartzan eta armaginen apostua nagusitu zan. Izan be, bigarren zatiko tarte baten izan ezik, ez genduan jokorik ikusi Mendilibarren gizonek ito egin ebelako zuri-gorrien erasoko jokoa. Adibide lez, Inuik zarratu egin eutson hegala Ander Capari. Ez eban besterik egin partidu guztian. Horregaz batera, jokoak etenaldi piloa euki eban eta oso gitxi jokatu zan Gaizka Garitanoren hasarrerako.

Raul Garcia eta Mikel San Jose sartu ebazan entrenatzaileak hasierako hamaikakoan, Oihan Sancet eta Kodroren ordez. Horregaz batera, Unai Lopez aurreratu egin eban Raul Garciaren atzetik jokatu eian. Aldaketa honegaz esan beharrik ez dago Athleticek indarra irabazi ebala zelai erdian. Erasora begira, ostera, Unai Lopezen aurreratzeak ez eutson onurarik ekarri talde zuri-gorriari. Iker Muniainek lau partidu daroaz jokatu barik eta taldeak igarri egiten dau haren faltea. Leitekeena da prest egotea datorren urteko lehen partidurako, Sevillaren aurkakoa Sanchez Pizjuanen. Taldeak eskertu egingo dau Txantreakoaren itzulera. Eta eskertuko leuke baita, Aritz Adurizen itzulerea, ordezkoen aulkian egoteko baino ez bada be. Bere azken denboraldiaren ia erdia joan jako aurrelariari eta ez dakigu zehatz zergaitik eta noiz itzuliko dan zelaietara.

Kopa txapelketako lehen partiduari ekingo deutso Athleticek gaur Intercityren aurka. Garitanoren taldeak zer irabazi gitxi eta zer galdu asko dauka hirugarren mailako taldearen aurka, partidu bakar batean erabagiko dan kanporaketa honetan. Hondino gogoan daukagu Athleticek Formenteraren aurka jokatu eta galdu eban kanporaketea. Garitanok be garbi dauka kanporaketa honeek oso arriskutsuak direla eta ez dot uste aldaketa handirik egingo dauenik liga txapelketan zelairatzen dauen hamaikakoan. Gainera, gaurko partiduaren ostean zuri-gorriek norgehiagoka bakarra daukie gabonetako atsedenaldiaren aurretik.