Txarto ohituten hasi gara San Mamesen eta errua Gaizka Garitanoren taldearena da. Denboraldi honetan Athleticek Katedralean jokatu dituen zortzi partidutetatik, bakarra galdu dau -Valen tziaren aurka-, beste bat bardindu -Valladoliden aurka- eta beste guztiak irabazi Bartzelona, Reala, Alaves, Espanyol, Levante eta Granadaren aurka-. Marka itzela da benetan eta abiapuntu bikaina sailkapeneko goialdean lehiatzeko. Ganera, partiduak irabazteko moduak eta moduak dagoz, eta Athleticek sendotasun ikaragarria erakusten dau, etxeko partiduetan batez be. Izan ere, aurkariek ia ez dabe gol aukerarik sortzen Unai Simonen ate aurrean. Estadistikekaz jarraituta, zuri-gorriek bederatzi gol baino ez dabe jaso hamabost partidutan. Esan beharrik ez dago, horrek asko esan gura dauela taldearen sendotasunaren alde. Garitanoren taldearen ganeko zalantza guztiak desagertu egin dira, zuri-gorriek bloke sendoa oso-tzen dabela erakutsi dabe-eta. Lau jardunaldi baino ez dira falta txapelketaren erdialdera heltzeko eta sailkapeneko bosgarren postuan egotea ezin da kasualidadea izan.

Ondo funziontzen dauena ez dala ikutu behar esaten dabe eta Granadaren aurka Gaizka Garitanok errepikatu egin eban Sadarren jokatu eta irabazitako partiduan zelairatu eban hamaikakoa. Barriro be Iker Muniain barik. Granadak itxura ona emon eban San Mamesen, lehenengo zatian batez be, eta Athletici kosta egin jakon bere ohiko jokoa egitea aurkariak ito egin ebalako. Halanda be, Garitanoren mutilek asmatu egin eben partiduaren irakurketa egiteko orduan. Ekin eta ekin ibili ziran aurkariaren ate inguruan, lehen zatia amaitzear egoala garaipenerako bidea zabaldu eban jokaldia iritsi zan arte. Hortik aurrera, Athleticek kontrolpean euki eban partidua Granadaren ahaleginek ez eben-eta arriskurik sortu Unai Simonen ate aurrean. Barriro be taldearen defentsa-egiturearen errendimendua bikaina izan zan, Cordobatik hasi eta Unai Simonegaz amaituta. Athletici gola sartzea oso gatxa da eta sendotasun hori lortu izanaren meritu guztia Gaizka Garitanori eta bere lan taldeari emon behar jako.

Liga txapelketako hamabost jardunaldi jokatuta, Athleticen ibilibidea hiru zatitan banatu daiteke. Lehen bost jardunaldietan ez eban partidurik galdu, hurrengo bostetan ez eban garaipenik eskuratu eta azken bostetan hamahiru punto eskuratu dauz. Garitanoren taldea hazi egin da txapelketea hasi zanetik. Atzealdeko lau gizonak lan bikaina egiten dabilz. Zelain erdian, Unai Lopezek danok itxaroten genduan aurrerapausua emon dau eta bikotekide ezin hobea bilakatu da Dani Garciarentzat. Beste alde batetik, Garitanok Espanyolen aurkako partidutik egindako aldaketa taktikoak -Williams hegalera eroanda Raul Garciaren tokia aurreratuz- beste bizitasun bat emon deutso taldearen erasoko jokoari. Beste era batera esanda, ordutik Athleticek min gehiago egiten dau aurkariaren atean. Iker Muniain lesionatu izanak alarma guztiak biztu ebazan arren, kapitainaren ezbeharrak titulartasunerako atea zabaldu deutso Oihan Sancet gazteari. Gauza onak erakutsi ditu Sadarren zein San Mamesen jokatu dituen partiduetan baina eztanda egitea falta jako, zer erakutsi asko dauka-eta. Sasoi gozoak bizi doguz. Eta jarraitu daiala.