Joaquin Caparrosek esaten eban futbolean gauzak goitik behera aldatu daitekezala egun batetik bestera eta gaur iluna danak argitasun ikaragarria erakutsi leike handik gitxira. Esan beharrik ez dago Athleticeko entrenatzaile ohiak beste berba batzuk erabili ebazala. Kontua da, Gaizka Garitanoren taldearen egoerea goitik behera aldatu dala hiru jardunalditan. Orain dala hamar egun zuri-gorriek final antzeko bat jokatu eben Espanyolen aurka San Mamesen sailkapeneko beheko aldeko mamuak inguruan dantzan zirala. Zuri-gorriek garaipen garbia lortu eben perikitoen aurka, meritu handiko puntua eskuratu eben Vila-realen zelaian eta ondo merezita irabazi dute Levanteren aurkako norgehiagoka. Amildegiaren ertzean egotetik Europako postuetan egotera igaro da talde zuri-gorria hamar egunetan. Jakina, lehen ez ziran lehen mailako txarrenak eta orain ez dira hautagai Txapeldunen Ligea jokatzeko. Baina Gaizka Garitanok Levanteri irabazi ostean nabarmendu eban legez, talde hau adoretsua da eta ez dau inoiz amore emoten, egoerea gatxenetan bez.

Aspaldiko partidurik politenetakoa ikusi genduan domekan San Mamesen. Hirugarren astez jarraian domekan bazkaldu barik egoteak merezi izan dau. Garitanok Espanyolen aurka egin eban aldaketa taktikoa errepikatu eban Levanteren aurka eta maniobrak emaitza onak ekarri ebazan barriro be. Williamsek labana balitz lez zulatu eban aurkariaren ezker hegala eta zuri-gorriak gol aukerak pilatzen hasi ziran. Azpimarratzekoa da Athleticek hogeta hiru aldiz jaurti ebala Aitor Fernandezen atera. Ganera, jaurtiketa horreetariko hamar hiru zutoinen artera joan ziran arren, bi baino ez ziran sartu ate barrura. Izan be, Garitanok behin eta barriro errepikatzen dauen legez, talde honek aukera piloa sortu behar dau gol bat sartzeko. Eraginkortasun kontuetan zer hobetu asko egon arren, Athleticek erakustaldia emon eban erasoko jokoan. Zuri-gorriek min handia egin eben hegal bietatik -Williams, Capa eta Berchiche bikain ibili ziran- eta barrutik Raul Garciak eta Iker Muniainek lan bikaina egin eben. Horregaz batera, defentsarako egiturak ohiko sendotasuna erakutsi eban. Bigarren zatiaren hasieran markagailuan atzetik joan arren, danok itxaropentsu gengozan lehen zatian erakutsitako joko bikaina ikusita.

Adoreak emoten dauen indarrari esker sartu eban Athleticek bardinketaren gola. Bestela, ez da ulertzen zelan sartu leiken gol bat buruz Iker Muniainek aurkariaren area txikian, atezaina eta atzelari biren artean errematatuz. Ander Capa atzelariak ez dau gol askorik sartu bere kirol ibilbidean, baina Levanteren aurkako partiduan gorputz eta arima ipini ebazan lehia bardinketarekin amaitzear egoala egindako jaurtiketetan. Domekako partiduaren amaierea ez zan Bartzelonaren aurkakoarena bezain gogoangarria izan baina Caparen golak hiru puntu baino gehiago emon eutsozan taldeari. Izan be, Katedralean bildu ginanok oso pozik urten genduan estadiotik, gure taldeaz oso harro. Azken baten horixe da Athleticeri eskatzen deutsoguna: Adorea, kemena, borroka, bertikaltasuna jokoan...eta horregaz guztiagaz futbol ikusgarria eskeintzen badeuskue, ba hobeto. Athleticentzat oso garrantzitsua da konexio zuzena egotea bedartzan ari diran jokalarien eta zaleen artean. Eta Gaizka Garitanoren taldea helburu hori betetzen dabil.