Sei partidu kateatu ebazan Athleticek galdu barik liga hasieran baina orain lau daroaz garaipena eskuratu barik. Gaizka Garitanok berak aitortu dauen lez, taldea emaitza aldetik zulo txiki baten dago sartuta eta uste baino arazo gehiago ditu hortik urteteko. Zuri-gorriek garaipena merezidu izan eben Valladoliden aurkako partiduan baina ez eben aurkariak baino gol bat gehiago sartu. Markagailuan aurretik zirala, bigarren golaren bila joan beharrean 1-0ekoari eusten ahalegindu ziran eta holakoetan sarritan gertatzen dan legez, ez eben helburua lortu aurkariak bardindu egin ebalako. Azken minutuetako ahaleginak ez eban saririk jaso. Behin baino gehiagotan argi geratu da zuri-gorriek ez dakiela partiduak ixten.

Hilabete daroa Athleticek irabazi barik, irailaren 20an Alaves menderatu ebanetik hain zuzen. Ganera, azken lau jardunaldietan puntu bi baino ez dau lortu talde zuri-gorriak. Edozelan be, Gaizka Garitano ez dago kezkatuta taldea ondo ikusten dauelako. Egia esateko, Athleticek ez eban partidu txarra jokatu Valladoliden aurka eta puntua sari txikiegia izan da, kontutan izanda etxeko taldeak aukera garbiak euki ebazala bigarren gola sartu eta garaipena eskura-tzeko. Gaizka Garitanoren taldea aurkaria baino gehiago izan zan Iñaki Williamsen gol ederra iritsi zan arte. Hortik aurrera, eta bigarren zatiaren hasieran batez be, zuri-gorriek ez ekien zer egin. Hau da: bigarren golaren bila joan garaipena ziurtatzeko ala gol bateko aldeari eusten ahalegindu. Bigarren aukeraren aldeko apostua egin eben. Gaizka Garitanok be eustearen alde egin eban Cordoba kendu eta Beñat zelairatuta, Unai Lopez ezker hegalera bidaliz. Zelai erdiko jokoa sendotzeko helburuarekin egin eban aldaketea entrenatzaileak. Kontrolaren aldeko apostua erasoko jokoaren kalterako. Izan be, taldea hegal barik geratu zan, Muniain eta Unai Lopez ez dira-eta hegaleko jokalariak. Bien bitartean, Valladolidek aurrepausu nabarmena emon eban bardinketaren golaren bila. Zelaian nagusitu arren, Pucelakoek ez eben arrisku handirik sortu Unai Simonen atean, atezainak huts egin eban arte. Lehenengo zatian gol garbi bat kendu eutsan Valladolideri baina bigarrengoan ez eban asmatu erdiraketa bat urrun-tzeko orduan. Itxaron daigun huts horrek eraginik ez izatea atezainaren konfiantzan.

Gaizka Garitanok onartu egiten dau taldeak arazoak dituela erasoko jokoa sortzeko orduan eta beraz golak sartzeko orduan. Entrenatzaileak, baina, beti betiko formulak erabilita gatxa da arazoari konponbidea emotea. Harrituta itxi ginduzan Cordoba kendu eta Beñat zelairatu ebanean, Unai Lopez hegalera bialtzeko. Bardinketaren gola jaso ostean, Aduriz zelairatu eban baina Bartzelonaren aurkako gol gogoangarriaren ostetik, aurrelari beteranoak gauza gitxi emon deutso taldeari. Partidua amaitzeko bost minutu geratzen zirala zelairatu eban Gaizka Larrazabal eta tarte labur horretan izerdi apur bat botateko astirik be ez dau emoten. Makina bat ondo ez dabilenean zeozer ikutu egin behar da. Haize freskoa behar da.

Athleticeko bazkide konpromisarioen batzarra egin zan domekan eta bertan ikusi eta entzundakoaren arabera hiru-lau gauza garbi geratu ziran: Athleticeko bazkideak hiru zatitan banatuta dagoz: Elizegiren aldekoak, kontrakoak eta etxean geratu diranak. Beste alde batetik, zuzendaritza batzorde honek ez deutso merezi dauen garrantzia emoten euskereari. Eta 2019-2020 denboraldirako aurrekontuaren bozketarekin gertatutakoa barregarria eta sinestuezina da. Elizegiren eta bere zuzendaritza batzordearen sinesgarritasuna barregarri geratu da.