GARAIPEN gogoangarria eskuratu dau Athleticek Bartzelonaren aurka 2019-20 denboraldiaren lehen jardunaldian. Gaizka Garitanoren gizonek ondo mereziduta lortu ebezan hiru puntuak egungo Liga txapeldunaren aurka euren betiko armak erabilita: intensidade handia, sendotasuna eta azkartasuna. Ernesto Valverderen taldeak ezer gitxi egin ahal izan eban Unai Simonen ate aurrean zuri-gorrien presio itogarriari aurre egin ezinda. Ganera, partidu amaieran gertatutakoak sutan ipini eban Katedrala. Athletic zaleek ametsik ederrenean be ez eben imajinauko norgehiagoka holan amaituko zanik. Aritz Adurizek sartutako gol bikainak hiru puntu baino gehiago balio dauz. Aspaldian ez da iritsi San Mames zoroaldi edo delirio maila horretara.

Zapore garratzagaz amaitu eban Athleticek aurreko denboraldia, Sevillan galduta, ez ebalako Europarako sailkatzea lortu. Gaizka Garitanok ezin izan dau fitxaketarik egin taldea indartzeko denboraldi barrirako eta Bilbao Athleticeko gazte batzukaz osatu dau plantilea. Ukatuezina da 2019-20 denboraldirako proiektuak ez ebala ilusino handirik sortu Athletic zaleen artean. Bartzelonaren aurkako partiduaren ostean, baina, pentsa lei baikortasunak lekua kendu deutsala ezkortasunari. Eta egia esateko, ez da ezer aldatu Gaizka Garitanoren proiektuan.

Deriokoak garbi dauka zer nahi dauen eta zelan gura dauen jokatzea bere taldeak. Intensidadea klabea da Athleticeko entrenatzailearen planteamenduan. Garitanok ez deutso jokatzeko aukerarik emon gura aurkariari eta zuri-gorriek presino itogarria egin behar dabe baloia lehenbailehen berreskuratzeko. Entrenatzaile honegaz badakigu jokalariek gorputz eta arima ipiniko dabela zelaian. Hau da gure Athletic. Onerako eta txarrerako. Bartzelonari irabazita, inork ez daiala pentsa zuri-gorriek partidu ikusgarria egingo dabenik Getaferen zelaian. Garitano garaipenaren bila joango da Butarquera baina bere betiko armak erabilita. Inor engainau barik. Ez dogu perspektiba galdu behar.

Bartzelonaren aurkako partiduak albiste on asko ekarri ebazan. Aritz Adurizek garbi erakutsi eban bere azken denboraldia ez dala denbora-pasa bat izango eta oraindik be bere ekarpena garrantzitsua izango dala. Hogeta hemeretzi urte beteteko bidean egon arren bere lehiakortasunak ez dauka atsedenik.

Oihan Sancet gazteak bere lehenengo minutuak jokatu ebazan lehen mailan. Artega ibili zan nafarra bere debuteko partiduan eta ez eban gauza handirik erakutsi. Edozelan be, Sancet jokalari berezia da, etorkizun handikoa. Osasunak laguntzen badeutso gauza handiak egitera deituta dago Iruñeko semea.

Gaizka Larrazabal eta Dani Vivianek ez eben jokatzeko aukerarik izan baina deialdian sartu ebazan Garitanok. Vivianek gatx dauka hamaikakoan sartzea aurretik goi mailako hiru zentral dituelako. Edozelan be, hogei urte baino ez ditu eta atzelari sendoa eta gogorra da. Aspaldian ez dau emon Lezamak horrelako zentral indartsurik. Larra zaratarik egin barik iritsi da lehen taldera eta orain arte ikusitakoaren arabera, pentsa lei minutuak izango dituela lehen mailako taldean. Jokalari azkarra eta eskoiko hegaletik min egiten dakiena. Kontuak kontu, Sancet, Larra, Vivian, Simon, Yeray edota Nuñez zelaian ikusteak biztu behar dau ilusinoa zaleen artean. Horixe da gure Athletic. Eta horreek guztiek maisurik onena daukie taldean: Aritz Aduriz.