Denboraldiko garaipenik erosoenetakoa eskuratuta agurtu eban Athleticek San Mames denboraldi honeri jagokonez. Europarako bidean beste urrats bat emoteagaz ganera, Katedralak agur beroa eskaini eutsen Markel Susaeta, Ander Iturraspe eta Mikel Ricori. Kontuak kontu, danok pozik urten genduan San Mamestik. Ganera, partidua amaitu osteko prentsaurrekoan Gaizka Garitanok esan ebanaren arabera, leitekeena da Aritz Adurizek taldean jarraitzea hurrengo denboraldian. Azkenik, eta egiari zor, kezka apur bategaz be geratu ginan azken jardunaldira begira. Izan be, Athleticek Europarako sailkapena bere eskuetan izan arren, eta Sanchez Pizjuanen galduta be sailkatu badaiteke be, zuri-gorriek puntu bat eskuratu behar dabe Sevillaren zelaian eta esan beharrik ez dago ez dala kontu erreza izango Caparrosen taldeak garaipena behar dauelako hondino Txapeldunen Ligarako sailkatzeko aukerak dituelako.

Celtaren aurkako partiduaren aurretik inor gitxik pentsauko eban Athleticek hain garaipen garbia eskuratuko ebanik, batez be, talde galiziarra larri etorrelako mailari eusteko borrokan buru belarri sartuta. Ganera, azken denboraldietan Celta aurkari gatxa izan da beti San Mamesen. Ordu laurdenerako, baina, Athleticek bi bider zulatu eban aurkariaren atea. Golak eskoiko aldetik etorri ziran eta Iker Muniain protagonista bilakatu zan jokaldi bietan. Bitxia bada be, nafarrak erdialdeko ezker hegaletik ekin eutson partiduari eta Ibai Gomezek eskumatik. Jokaldi baten, Garitanok ezker aldera etorteko agindu eutson bilbotarrari falta jaurtiketa bat atarateko eta harrezkero hantxe geratu zan, Muniain eskoira eroanda. Aldaketa horrek biztu egin eban taldearen erasoko jokoa eta Capa, Muniain, Williams eta Raul Garcia laukotearen eskutik etorri ziran lehen gol biak. Lehen zatia amaitzear egoala Williamsek sartutako hirugarrenak erabagita itxi eban norgehiagoka.

Erasoan erakutsitako eraginkortasunagaz batera, Athleticek sendotasuna berreskuratu eban atzealdean. Celtak buru belarri ekin eutson erasoari bigarren zatian baina Aspasek eta enparauak ez ziran gauza izan arriskurik sortzeko Herrerinen atean. Berba bitan, Athleticek denboraldiko garaipenik garbienetakoa eskuratu eban, aurkaria baino askoz gehiago izan zalako area bietan.

Gaizka Garitanok taldearen ardurea hartu ebanean jaisteko postuetan egoala, inork ez eban pentsauko ligako azken jardunaldian Athletic Europarako sailkatzeko borrokan egongo zanik. Zuri-gorriek, baina, esku eskura daukie Europako Ligarako txartela. Horretarako, azken urratsa emon behar dabe datorren zapatuan Sanchez Pizjuanen. Historikoki ez da zelairik aproposena lehoientzako. Ganera, denboraldiko emaitzak aztertuta, zuri-gorrien errendimenduak behera egiten dau etxetik kanpo jokatzen dabenean. Edozelan be, final bat da eta finalak irabazteko dagoz.

Markel Susaeta, Ander Iturraspe eta Mikel Ricok ez dabe Athleticen jokatuko hurrengo denboraldian eta San Mamesko zaleriak ondo merezidutako agurra eskeini eutsen, nahiz eta zale batek baino gehiagok alde egin eban estadiotik jokalariei jaramonik egin barik. Iturraspe eta Ricoren kasuetan, argi dago klubak ez deutsela kontratua luzatzeko aukerarik emon. Susaetaren kasuan, baina, ez dago argi zein izan dan jokalariak ez jarraitzearen zergatia. Klubak proposamen bat luzatu deutso baina eibartarrak ez dau aztertu be egin. Susaetak esan dau klub bakar bateko jokalaria izan gura ebala baina ezinezkoa izan dala, zergatiak azaldu barik. Ia denboraldia amaitu ostean argitzen dituen. Ander Iturrasperi jagokonez, urteak igaroko dira bere kategoriko erdilari bat ikusi artean.