Athleticek puntu bakarra eskuratu dau azken jardunaldi bietan. Halandabe, zuri-gorriek euren eskuetan daukie sailkapeneko zazpigarren postua eskuratzea datorren denboraldian Europa mailan jokatzeko. Ligea amaitzeko geratzen diran partidu bietan lau puntu eskuratuta, Garitanoren taldeak Europa Leagueko aurrekaporaketak jokatuko leukez, atzetik datozen aurkarien emaitzen zain egon barik. Horretarako, zuri-gorriek irabazi egin behar dabe, bai ala bai, datorren domekan Celtaren aurka San Mamesen jokatuko daben partidua. Benetako finala izango da. Egia esateko, ez da panorama txarra liga amaierarako, nondik gatozen kontutan izan ezkero.

Valladoliden aurkako partiduaren aurretik Lezaman agertu ziran jokalariek argi eta garbi esan eben Jose Zorrillan jokatu beharreko norgehiagoka oso gatxa izango zala etxeko taldearentzat hil ala biziko lehia zalako. Halanda ze, zuri-gorriek baekien Sergio Gonzalezen jokalariak labana ahoan dala zelairatuko zirala. Horregaitik, ez da erreza ulertzeko zuri-gorriek Pucelan egin eben lehenengo ordu erdia. Gaizka Garitanoren gizonek erdi lotan urten eben zelaira eta aurkariak ikusi be ez ebezan egin. Herrerinek gol bakarra jaso eban arren, etxeko taldeak gol gehiago sar-tzeko aukerak alperrik galdu ebazan. Valladoliden golaren jokaldian, Waldok korrikaldi luzea egin eban Athleticeko jokalariak begira egozala eta zelai erdi osoa zeharkatu ostean inork oztopatu barik bialdu eban baloia Herrerinen ateko sareetara. Jokaladi horrek garbi erakusten dau zuri-gorrien ezina lehen ordu erdian.

Garitanok ezin izan eban zelairatu Iñigo Martinez ondarrutarrak arazo fisikoak zitualako. Horregaz batera, Raul Garcia ordezkoen aulkian itxi eta Iker Muniain zelairatu eban Williamsen atzetik baloia erabilteko asmoagaz. Nire uste apalean, taldeak igarri egin eban Iñigo Martinez eta Raul Garciaren faltea. Ez horrenbeste joka-tzeko orduan. Jokalari bi horreek barik nortasuna galdu eban taldeak zelaian.

Bigarren zatian gauzak aldatu egin ziran eta Athleticek partiduaren bila urten eban Raul Garcia zelaian zala. Aurretik, Iker Muniainek aukera bikaina galdu eban marlagailua bardin-tzeko. Ostean etorri ziran Mikel San Jose eta Unai Nuñezen aukera garbiak. Zuri-gorriek, baina, ez eben asmau aurkariaren atea zulatzeko orduan eta garestiegi ordaindu eben partiduaren lehen ordu erdiko lokukua.

Edozelan be, eta baikortasunari eusteko asmoagaz, Athletic ederto iritsi da denboraldiko azken txanpara. Zazpigarren postua eskuratzea da helburua, seigarrena eta bosgarrena oso urrun geratu diralako. Horretarako, ezinbestekoa da Celtari irabaztea domekan San Mamesen. Ez da erreza izango talde galiziarra mailari eusteko borrokan dabilelako. Edozelan be, danok sinatuko genduan Europa Leaguerako sailkapena San Mamesko partidu baten jokatzea.

Ander Iturraspek eta Mikel Ricok ez dabe gehiago jokatuko San Mamesen, Athleticeko elastikoagaz ez behintzat. Athleticek merezi daben agurra eskeini behar deutse. Eta zer esango dogu Markel Susaetaren ganean. Eibartarra txarto pasaten dabilela jakin dogu De Marcosen eskutik. Alkortak esan barri dau laster jesarriko dala jokalariagaz berba egiteko. Susaetak ez dauka ordezkaririk. Hori guztia aspaldi eginda egon behar zan. Athleticek jagon egin behar dauz horrelako kontuak, eta ez bakarrik lehen taldeko jokalariekaz.