ERdi irekita dago leihoa. Halako batean haize bolada batek guztiz ireki du, gortinak hauspotuz, dantzari baten gona bezala. Bat batean, etxe barruko airea eta kanpokoa nahastu egin dira, eta jada ez dago biak ezberdintzerik. Aire bakarra da arnasten ari zarena, ez kanpokoa, ez barrukoa, bien nahasketa baizik.

Airea bezala, horrela nahasten dira gure bizitzan errealitatea eta fikzioa, gure azaletik kanpo bizi duguna eta barrualdean sentitzen duguna.

Egiten duguna eta amesten duguna, biak gara. Hala ere, errealitate hitza kanpokoari baino ez diogu eskaintzen gehienetan, barruan gertatzen den hori nahiko erreala izango ez balitz bezala.

Ohikoa da idazleari galdetzea zenbat egia dagoen bere liburuetan. Hori galdetzen dutenean, berez ez dira egiaz ari, galdetzen ari direna da errealitatea deitzen den horren zenbateko portzentajea duen liburuak, hau da, ea idazleari kontatzen duen hori gertatu zaion errealitatean. Barrutik gertatzen zaion guztia, bere amets eta desioetan proiektatzen dena, erreala izango ez balitz bezala.

Ez dut uste egia gehiago dagoenik esaten ditugun hitzetan pentsa-tzen ditugun hitzetan baino. Ez da egiazkoagoa egiten duguna, egin nahiko genukeen hori baino. Bizitza, berez, ametsak baino txikiagoa da. Errealitatea deitzen diogun hori ukitu ahal dugu, sardeska bat edo ile-lehorgailu bat ukitzen dugun bezala, horregatik iruditzen zaigu errealagoa. Ametsak eta desioak, aldiz, ezin ditugu eskuekin ukitu, baina, hain zuzen ere, horregatik dira zailagoak desegiten. Ametsak piano baten notak bezalakoak dira. Errealitatearen zaratak en-tzunezin bihurtu ditzake, baina inork ezin du galarazi nota horiek gure buru barruan entzuten jarraitzea.

Errealitatea eta egia ez dira sinonimoak, ez dira gauza bera. Ametsak irauten duten bitartean, hor dago pertsona baten benetako egia.

Eta batzuk bizitza guztia iraun dezakete. Leihotik aire pixka bat sartzea baino ez da behar, gortinak hauspotu eta gure arima dantzan jartzeko.