Nago Altsasuko gazteen kontua ez zela horren urrutira iritsiko gertaera bera beste toki batean suertatu izan balitz. Orduan, hurbileko epaitegi batek aztertuko zuen kontua eta isun edota, gehienez, kartzela zigor txiki batekin auzia kitatuko zen... baina Altsasun suertatu zen eta gertaera bera baliatu behar zen lehenago hainbatetan aipaturiko herria nolanahi epaitua izateko, guardia zibilen jarduna azpimarratzeko eta, bidenabar, eskarmentua emateko.

Norbaitek erran dezake, gertaera lausotzeko eta ia ezerezean lagatzeko, batzuen jarrera ere ez dela lagungarria izan eta hor ere faltan egon dela autokritika eta gertaeren gainean erantzukizuna hartzeko borondatea. Nolanahi ere, hori egia izanda ere, erabilitako prozedura, hartu diren neurriak eta ezarri diren zigorrak horren neurriz kanpokoak dira, ezen jar daitekeen erreparo oro huskeria bilakatu den. Bidezkoa da justizia eskean milaka pertsonen aldarrikapena eta erreparazio eskaria, apirileko hauteskundeen ostean era-tzen den Espainiako Gobernu berriak aintzat hartu beharko lukeena. Bidezkoa ez ezik, gaia onbideratzeko eta bizikidetza ehuntzeko ezinbestekoa delako.

Ematen du batzuek faltan bota-tzen dutela, are erosoagoa zi-tzaiela indarkeria puri-purian zegoenean bizi genuen egoera, horren faltan, gero eta ageriago geratzen ari direlako estatuak berak dituen gabezia historikoak, lurralde egituratzearen, demokrazian sakontzearen, bai eta aniztasunaren kudeaketaren ikuspegitik ere. Gai horiexek dira tentsioa areagotzen ari direnak eta, kontrakarrean, eskuin muturraren goraldiaren arrazoietariko batzuk. Ondorioz, komeni da iraganeko arazoei irtenbidea emateko elkarrizketa ireki eta inklusiboa hezurmamitzea, bai eta etorkizuneko elkarbizitza eraikitzeko akordio berri bat erdiestea ere. Hurrengo legealdian abiarazi beharreko akordio berri horrek barruratu beharko ditu, besteak beste, demokrazian sakontzeko asmoz printzipio eta arauak, nazio aniztasunaren onarpena, lurraldeei aitortu beharreko erabakitzeko eskubidea, bai eta subjektuen arteko aldebikotasuna ere. Jada, XXI. mendean, Espainiak ezin du bere egonkortasuna inposaketaren bidez iraunarazi, herritarrak konbentzitu beharko ditu eta horretarako proiektu partekatu bat duela erakutsi beharko du.

XXI. mendean, Espainiak ezin du nagusikeriaz jokatu eta ezin dio epaitegien eta armadaren mehatxua tarteko batasunari nolanahi eutsi. Horiexek iraganeko kontuak baitira... nahiz eta armadaren bisitak tarteko, ba-tzuek erakargarri bilakatu nahi izan duten. Armei, gastu militarrari buruz esan ditzakegun guztiak, jar ditzakegun erreparo guztiak ere txiki geratzen baitira ohartzen garenean, Getxoko portuan egon den gerraontziaren zeregin gorena ez dela nazioartean jardutea bakarrik, ditxosozko nazio batasunari eustea -herritarren borondatearen kontra aritu behar badu ere- baizik.