Síguenos en redes sociales:

Orkatilak agerian

Orkatilak agerian

UMOREGILE bakarlari horietako batek eragin dit arreta. Xume edo ezelako harrokeria gabeko gaztea ematen du. Ironia bizia, ez zaio irribarrerik ere ateratzen ezpainetan, ez du arrandirik egiten bere jatorriaz baina noizean noizean “ye guapo” edo antzekoaz nabarmen uzten du nontarra den. Oraintsu ezagutu dut zorioneko youtube edo delakoan eta jarraituko diot, sarri gertatzen den moduan, norberaren antzeko umore estiloa duela uste dugunean.

Modaz ari zan oraingoan, praka edo galtzen modaz hain zuzen. Aurrerago entzuna nuen “moderno baten orkatilak baino hotz gehiago dut...” eta hortik aritu zen asturiar hori, nola etxean galtzetin lodiaz ibili ondoren, kalera orkatilak agerian ateratzen diran eta ez zuen aukera galdu, praka kontu horietan izan diran -eta diran- moda nabarmen edo hedatuaz jarduteko. Kaka eginda baleude bezala tiroa ia belaunetan eta halabeharrez ipurdiko arraia agirian daramaten horiek, iztarretik orkatileraino estuaren estuaz zainak edo barizeak atzemanez doazenak edota estreinatu aurretik apurtuak, zahar edo zakar itxura dutenak. Badira beste hainbat modelo baina ez hain hedatuak.

Ez naiz hauei edo haiei kritika la-tzik egiteko inor. 1970 edo 80kadako argazki batzuetan elefante hanka deitzen zioten galtzaz agertzen naizelako; neu ere modara atxikia antza. Edonor bezala, adinean aurrera, janzkeran ere oharkabetze aldera jotzen dugun arren. Abiada horretan leporaino sartu eta onar-tzen ez dutengana doa nire irizpidea -ezen ez kritika latzik- Alegia, edonondik datarren korronte indartsu horri kasurik ez diotela egiten diotenengana, Erosten edo janzten duten hori gustatzen zaielako diotennengana. Edozein kon-tsumismoren aurka daudela esan eta berresanez defenditzen diren hoiengana. Azkenean, modernoak izateko eskubideak, modan dauden horiek erabiltzea ia ezinbestekoa dela nabarmena da, nahiz eta hainbeste aldiz kritikatu ditugun uniformatu itxura eman. Sinesten ez dudana, bakoitzarena moda kontua edota kontsumismoa ez dela entzutea da.