BERE urtebetetzea izan da. Atzo. Gaur zita egin dugu kafe bat hartzeko. Pozik egongo zara, esan diot, bere Facebook-eko orrialdean ehunka zorion mezu ikusi ditudala aipatu ondoren. Baietz erantzun dit, benetan pozik dagoela, inoiz ez duela hainbeste jendek zoriondu, whatsappetik ere pilo bat zorion mezu heldu zaizkiola, gaur bertan azkena. Gero teknologia berriei buruz hau eta bestea esango dutela aipatu dugu biok, baina ez genituenean baino harreman gehiago izateko aukera ematen digutela, harreman zaharrak berreskura-tzekoa ere, dena ez dela txarra, eta abar. Barre egin dugu gero, hogei urte genituen garaiko bere nobioak ere mezu bat bidali diola aitortu didanean. Olaaa, esan diot, eta barrez lehertu gara garai hartako abenturak gogoratuz.

Pozik dagoela esan dit, baina nik haren baiezkoan zerbait arraro sumatu dut, halako konbentzimendu falta bat. Agian beretzat garrantzitsua den norbaitek huts egin diola pentsatu dut hasieran, edo berrogeita hamar urte betetzetik hain hurbil geratzeak bertigoa eman diola. Beraz, deskubritzen saiatu naiz. Behar zuten guztiek zoriondu zaituzte, ez da inor geratu zuri mezurik bidali gabe, esan diot. Baietz erantzun dit, denek bidali diotela mezua. Baina bere esaldian ez du “denek” hitzari indarra eman, “mezua” hitzari baizik. Eta hor hasi naiz bere etsipen kutsua ulertzen.

Zuk ere bai, esan du orduan. Nik ere bai, zer? Zuk ere mezua bidali zenidala, ez zenidala deitu, alegia.

Eta bai, arrazoi du, zorion mezu bat bidali nion eta ez genuen hitz egin. Hurrengo egunean geratuta geundela eta mezuarekin nahikoa zela pentsatu nuen. Baina badirudi ezetz. Eta bota du azkenean: pertsona bakar batek deitu dit telefonoz zorionak emateko, beste guztiek mezuak bidali dizkidate. Ahotsaren ordez, emotikonoak, hau da marka. Zorionak, zelan zaude? Hainbeste kostatzen da deitzea? Segundo batzuk isilik egon eta gero nork deitu zion galdetu diot. Nire amak, erantzun dit, nork bestela. Eta bere telefonoan oraindik whatsappik ez duelako! Elkarri begietara begiratu eta barre algaraka hasi gara. Ahots sendoz. Hogei urte genituen garai haietan bezala.