Azkenean, Espainiako gobernuburuak apirilaren amaierarako deitu ditu hauteskunde orokorrak. Nago, Sanchezek barruratua zuela Espainiako Aurrekontuek ez zutela aurrera egiteko modurik izango. Hori jakinda, abagune egokia bilatzen zuen. Ondorioz, eskuinak Madrilen deituriko manifestazioaren porrotaren ostean eta katalanen gatibu ez dela agerian laga ondoren, aitzakiaren bat behar zuen hauteskundeak aurreratzeko. Apirileko hauteskundeetan alderdi sozialista indarturik ateratzea -hor ere egonen dira barne-inkestak- espero duelako eta, ondo bidez, maiatzean egingo diren hauteskundeetan ere isla daitekeelako alderdi horren goraldia. Egoera horrek beste agertoki bat ireki dezake, bai eta alderdi barruan bere buruzagitza indartzea ekarri ere.

Ez dut uste katalanek erabaki-tzeko eskubidearen inguruabarrean Espainiak amore emango zuela uste zutenik, are gutxiago aurrekontu batzuen truke. Horiek ere kalkuluak eginak zituzten, nire ustez. Gorenean zenbat hautetsi, Kataluniako Gobernuko kide ohi eta gizarte-mugimenduko zenbait ordezkari epaitzen ari direnean, zaila zuten besterik gabe aurrekontuei babesa ematea, Kataluniarako aurreikusitako inbertsioak gehituta ere, lehenago ere egon baitira halakoak eta gero ezerezean geratu direnak. Katalan aber-tzaleak ere abagune are egokiago baten bila ari dira. Alde batetik, Gorenean ireki den prozesuaren balizko ondorioak desaktibatzeko. Beste aldetik, beraien eskakizunei zelanbait bidea emateko. Ahaztu gabe, alderdi abertzaleen artean egun dagoen noraeza eta aurrez aurrekoa bideratzeko denbora behar dutela.

Beraz, hauteskundeak deitu dira. Hor antzeman ahal izango da alderdi bakoitzaren eragin-ahalmena, horren barruan geurea... eta unean datorrenez gero, komeni da gogoetaren bat plazaratzea.

Espainia gobernatzea desira-tzen duten alderdiek periferiaz hitz egiten dute, besteak beste, katalanei eta euskaldunei buruz jarduten dutenean. Beraientzako erdigunea Madrilen baitago. Ondorioz, ustez periferian kokatzen diren herritarren kezkak eta lehentasunak ez dira beraienak. Ez hori bakarrik, batzuen asmoa da Katalunian 155. artikulua betikotzea edota Euskadiko eskumenak edota Itun Ekonomikoa ezerezean laga-tzea. Ondorioz, batzuek aditzera ematen dutenaren kontra, hautua ez da Espainiako eskuin eta ezker alderdien artekoa, Espainia lehentasun-tzat dutenen eta Euskadi zein Nafarroa ardatz dutenen artekoa baizik. Horrela, ahalik euskal ordezkaritzarik indar-tsuena lortzea giltzarria izango da baldin eta Madrilen hartuko diren erabakietan eragin, gure autogobernu erakundeak babestu eta autogobernuaren oinarriak zabaltzea nahi badira.