HAN zeuden denak, argazkian ezin kabiturik, zut-zutiak, tente potente; Abascal buru horretan, Espainia eta Errekonkistaren alde. Han zegoen Javier Maroto Frankismoaren hondarretan eta Trantsizioaren hasieran bere gisakoen alde borroka latzean aritu zena. Sei graduen teoria txiki utzi zuen Rivera demokratikoak Santiago Abascalekiko: sar dadila jendea tartean berdindu ez gaitzaten, noiz eta bertako jendeak bat nahi zituenean, bat, betikoak eta betirako.

Inguruan gorria eta horia; eta Espainia franko, Espainia eta espainola, ezin baitzen besterik mintzatu Colonen. Ikustekoa Valls hizketan ari zenean, katalanez ari zela uste zuen emakumearen bideoa.

Baina Riverari ez zaio gustatzen Abascal, sei graduak ehun bilakatu nahi lituzke eta horretarako hantxe pararazi zituen LGBTI banderak atzean, modernotasuna adierazi eta bera ez dela Vox bezala aditzera emateko. Pinkwashing deitzen zaio, alegia, lgbti-en eskubideen aldarria erabili beste giza eskubide batzuen urraketa estaltzeko. Israelek ugari egiten du palestinarren gaineko giza eskubideen urraketa zuritzeko. Kasu honetan, katalan erdien eta preso politiko katalanen eskubideak. Inperioaren bidez Filipinak, Kuba, Sahara, Flandes ezin direnez zibilizatu, zibiliza ditzagun gure etxeko desberdinak. Ostiaka bada ere.

Riverari ez zaio Abascal gustatzen baina programaren zati bat baino gehiago dute komunean, nazionalismo espainiarra eta ekonomiaren kudeaketa neoliberala, esaterako. Esan liteke Rivera Abascalen anaia moddernoa dela, anaiaren barrabaskeriak irribarre batekin desenkusatzen dituena.

Riveraren ustez aisa izan zaitezke lgbti, ez ordea katalan independentista. Zer usteko du Santi Vila bezalako politiko gay bati buruz, zeina orain jada ez baita independentista? Eta Eugeni Rodriguezi buruz, zeina CUPekoa baita? Lgbti eta katalan independentista? Utikan, dio Riverak, bi identitate horiek nahastea! Gay baldin bazara modernoa izan behar duzu, europarra eta, jakina, espainiarra, modernotasuna Espainian baitago, eta ez Kataluniako independentista bezalako eremu baserritarretan.