Zaila da ulertzen hainbeste baliabide dituen lurralde batean, Venezuelan, gabeziak norainokoak diren eta are zailagoa parteka-tzen botere-gosea, boterean nolanahi irauteko nahia herritarren kezka eta beharren aurretik zein neurritaraino jar daitekeen. Are gutxiago ulertzen da herritarren multzo esanguratsu baten aldarrikapenak errepresioaren bidez nola itotzen diren, ustez ezkerrekoa den gobernuburu baten aldetik... baina horixe da ikusten ari garena.

Nago sakoneko arazoari ihes egiten zaiola, sinplifikatzen dela, jazotzen ari denaren atzealdean Ameriketako Estatu Batuetako interes inperialistak daudela azpimarratzen denean. Bistan da herrialde horrek interesak dituena, Errusiak, Txinak, Iranek, Turkiak eta beste ba-tzuek bezala. Halakoetan, ohi denez, batzuk Trump eta enparauen esku-sartzeaz ari dira, gutxieneko demokratikoak betetzetik urrun dauden beste herrialde batzuek Maduro babesten dutela ahazten den bitartean... eta horixe da mementoz boterean irauteko helduleku nagusia, militarren eta oso zalantzazkoa den justizia aparatuaren laguntzarekin batera.

Ez da kasualitatea Brasilgo presidente berriak munduko lehenengo potentziari Brasilen base militar bat jartzeko erraztasunak emango dizkiola aditzera ematea, ez eta duela gutxi Errusiak bi hegazkin estrategiko Venezuelara bidaltzea eta bertan base militar bat irekitzeko borondatea duela azpimarratzea ere. Ondorioz, esku-sartzeak alde desberdinetatik daude, tartean herritarren nahiak, gorabeherak eta egoera kontuan hartzen ez direla.

Maduro ordezkatzen duen mugimenduak Venezuelako konstituzioa aldatu ahal izateko prozedurak zaildu zituen, eta neurriz kanpoko gehiengo indartua eskatu zuen Batzar Nazionalean... baina herritarrek oposizioko alderdiei gehiengoa eman zienean, arauak aldatu ziren, Batzar Nazionalaren eskumenak hankapean hartu zituen beste batek eta Konstituzio Batzarra jarri zuen bere esanetara. Halaber, presidente izateko hauteskundeetara ere aurkeztu zen, berak sustaturiko konstituzioak horretarako aukerarik ematen ez zionez, aldatu ostean. Venezuelako arazo nagusia da boterean daudenek, botereari heltzeko asmoz, joko-arauak etengabe aldatzen dituztela eta, horrela, gatazkak irteerarik ez daukala. Beldur naiz gauzak onbideratu baino are zailago jartzen ari ez ote diren.

Venezuelak ez dauka beste aterabiderik aurrez aurreko elkarrizketa ahalbidetzea, akordioa hezurmamitzea eta, inolako esku-sartzerik gabe eta nazioarteko begiraleen begiradapean, hauteskunde libreak deitzea baino, hauteskundeetako emaitza alde guztiek onartuta, jakina. Horren ondotik, irabazle suerta-tzen dena zeinahi dela, hamarkadetan gauzatuz joan den gizartearen etena bideratzeko eta bizikidetza ehuntzen joateko jarrera erakutsiz. Badu Nazio Batuen Erakundeak horretan jarduteko motiborik, kontuak are gehiago larritu baino lehen.