Gizarte-arazoei aurre egin ahal izateko, ezinbestekoa da denbora luzean isilpean eta ezkutuan iraun duena agerraraztea, bai eta onbideratzeko neurriak hartzea ere. Horregatik da garrantzitsua indarkeria matxistaren, eta areago, gizonen eta emakumeen arteko mendekotasun-molde desberdinez -familian, lan-munduan... gizartean, oro har- jabetzea, gogoeta egitea eta konponbiderako engaiamendua guztioi eskatzea. Horrela, Andaluzian gobernua eratzeko elkarrizketen harira, deitoragarria da oso eskuin muturraren mezua, indarkeria matxista zalantzan jartzeaz gainera, emakumeen mendekotasun-egoerari eusteko xedea dauka-eta.

Atzerapauso galanta da jazo-tzen ari dena eta horrek argiro aditzera ematen du orain arte egin den bidean urrats berriak eginkizun daudela. Indarkeria matxistaren inguruabarrean, salaketa faltsuak badaudela? Gizon batzuek ere indarkeria jasaten dutela? Seguruenik... baina egoera horren da larria, emakumeak, oro har, jasaten ari diren erasoen kopurua horren da eskandaluzkoa, eta denboran horrenbeste irauten du, non arazo hori lausotzen saiatze hutsak guztiok ernegatu behar gaituen.

Baina hori ez da okerrena, boterera iristeko halako kontuez hitz egiteko prestutasuna baizik. Iduri du PP alderdiaren eskuinean halako indar bat azaltzeak PP alderdiaren konplexuak astintzeko eta ba-tzuk-batzuk norabide horretan atzera egiteko aukera ireki duela, orain arteko bidean atzera eginez eta neke handiz hezurmamituriko adostasunak zalantzan jarriz. Baina hori kezkagarria izanik ere, bada beste zerbait alerta guztiak piztu behar dituena. Halako mezuen gibelean gizarte-eredu jakin bat iradokitzen baita.

Gizarte-eredu horretan, herritarren eskubideetan sakontzea baino, desorekak konpontzen joateko borondatea baino, bizikidetza areagotzea baino... eskubideak murrizten joateko eta lehengora itzultzeko jarrera antzematen da, familia uler-tzeko moldeetan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna segurtatzen joateko politika-neurrietan, gutxiengoen eskubideetan, migratzaileen gaian, Espainia ulertzeko eran eta abarretan, inboluzioa antzematen da guztietan, batzuetan ageriago, eta beste batzuetan, jendea oldartuko delako beldur direnez, ezkutuan... baina eskuinaren aldetik -zentzu zabalean hartuta- datorrena egiazko atzerapausoa da.

Horregatik ere bada deigarria eskubide horiek neke handiz eskuratu dutenen, bai eta giro berri honetan ere hezi diren belaunaldi berrien jarrera. Norbaitek orain arte egin den bidean atzera egiteko aukerarik ez dagoela uste baldin badu... kontzientzia har dezan orain arte lortu den guztiari eusteko ez ezik, horretan sakontzeko ekina ere ezinbestekoa izango dela, ezer ez baitago irabazita horretan etengabe saiatzen ibili ezean!