eta halakoetan ohi denez, izenburuari norbaitek “tontoen kontsolagarri” gehituko lioke. Izan ere, urte berriarekin batera asmo berriak, behinola eginkizun lagatakoak berrar-tzeko eta onbideratzeko asmoa azaltzen bada ere, ez dirudi urte berri honi aldarte horrekin ekingo zaionik, ez, behintzat, gizarte zein politika gaietan. Horrela, Kataluniako gaiak bere horretan segitzen du, ez baita bideratzeko borondaterik, ekimenik, irudimenik antzematen inoren aldetik... eta gainera, datozen asteetan tentsioa goreneko gradura iritsiko da, kalean beharko luketen politikariak epaitzearen ondorioz.

Espainia eskuinera irristatzen ari da, gero eta abiada biziagoan. Mementoz, Andaluzian ikusi dugu hori, ondoren, beste eremu batzuetan ere antzemango da. Katalunian gauzak bideratzeko ekimenik ez azaltzeak batzuk oldartu ditu, horrenbeste oldartu non, neurririk eta konplexurik gabe, Espainiako barrunbeetatik, mezurik atzerakoenetatik ari diren. Ezagutu nahi ez denaren inguruabarrean izua sortzea, segurtasunik eza hedatzea, migrazio politika zalantzan jartzea, migratzaileei ematen zaizkien diru-laguntzak desitxuratzea, genero indarkeriari aurre egiteko neke handiz hezurmamitu diren adostasunak kolokan jartzea... horiek bilakatu dira mugimendu horren oinarrizko osagaiak... eta jazotzen ari denaren aurrean geldialdia, noraeza da antzeman dezakeguna, nonahi.

Espainiarren erregeak ere hitz egin du iraganeko sinboloez, gogoz kontra bada ere batzen gaituenaz, banderaz... ez baita ohartu bizikidetza ezin dela ezarri, adostasuna ezin dela inposaketaren bidez gauzatu, arian-arian landu behar delako askotarikoa den gizartearen eskakizunei bidea emanez eta aitortuz. Estatuko gainegiturek segitzen dute erakundeek, lurraldetasunak, printzipio demokratikoek izan duten higaduraren aurrean beste aldera begiratzen... eta oker dago espero badute eskubideak moztuz, nazio historiko batzuen eskakizunei muzin eginez gauzak bideratuko dituztela. Isilarazten saiatuko dira... baina kezka, eskakizun horiek guztiak indar berriz azalduko dira, harik eta baldintza zailagoetan bideratzen diren arte.

Agertoki zaila irudikatzen ari da. Horren aurrean, orain artekoan segi dezakegu... edo oinarrizko printzipioen, aurrera egin beharreko ildoen inguruabarrean adostasun berriak ehuntzen saia gaitezke, euskal gizarte sendoagoa, irekiagoa eta eskubidez hornituagoa gauza dadin. Horretarako, komeni da guztiok lubakietatik plazara irtetea, aurreiritziak ezabatzen saiatzea, bai eta erosotasunak astintzea ere, inor bazterrean laga gabe, elkarrekin bidea eginez, gero eta gizarte kohesionatuagoa erdietsi baitezakegu, ez bestela.