Norbaitek Euskaraldiaren balorazioa eskatuko balit, egin duen ekarpena azpimarratzeko hiru ardatz aipatuko nituzke. Alde batetik, aldi batean elkarri bizkarra emanda egon diren euskararen aldeko bi munduk, herri-erakundeak eta gizarte-eragileak, elkarrekin gorpuztu duten lankidetza, ekimenari beste dimentsio bat ematea ahalbidetu duena. Tamaina honetako ekimen bat antolatzea ez zen posible izango aurreiritziak eta mesfidantzak gaindituz, egiazko elkar hartzea gertatu izan ez balitz. Beste aldetik, herritarren erantzun zabala goraipatuko nuke, erabat espektatibak gainditzea ekarri duena. Horrek, azken batean, euskal gizarteak euskaraz bizitzeko gogo sendoa duela erakusten du. Azkenik, euskararen ezagutza eta erabileraren arteko tartea murrizteko azaldu den borondatea, euskaraz trebatuago daudenak maila apalagoa dutenekin batera, gizarte euskaldunago bat eraiki-tzeko norabidean urratsak eman baitituzte.

Beharbada, hizkuntzaren erabilerari dagokionez, egongo da jauzi handiagoa espero zuenik. Nolanahi ere, komeni da azpimarra-tzea hizkuntza ohituren eraldaketa ez dela egun batetik bestera gertatzen den kontua, horrek lan jarraitua eta sendoa eskatzen du eta. Hortaz, ez dezagun espero berehala gauzak aldatzea, miraririk gertatzea. Denboraren joanean hizkuntzaren ezagutzan asko aurreratu dugun bezala erabileraren eremuan ere denbora eta lana beharko ditugu. Horrela, euskaraz bizitzeko aldiro sortu beharko ditugu aukerak norbanakoen artean, bai eta maila sozialean ere.

Badago beste kontu pare bat nik neuk azpimarratuko nituzkeenak. Euskararen eremura hurreratu den jende andana eta euskaraz -maila jasoagoan edo apalagoan- zekien jendea zela jakin ez genekielako gaztelania erabiltzera bultzatzen gintuen joerari jarririko galga. Konplizitateak ehundu eta baikortasuna nonahi zabaldu da. Orain zoru hori sendotzen, trinkotzen eta zabaltzen jarraitu behar dugu, egin den ahalegina ezerezean desegin dadin laga gabe. Euskararen aldeko langin-tzan beste koxka bat gainditu dugu, baditugu are gehiago. Hamaika egun igaro dira eta etorkizunean hamaika saio eta ahalegin egin beharko ditugu gure hizkuntzari zentralitatea emateko eta euskaraz nonahi bizi ahal izateko.

Baina ez dezagun ahaztu hizkun-tza zerbait bada gertaera soziala dela. Horrela, espazioak irabazi behar ditu euskarak herri-erakundeetan, aisialdian, kirol jardueretan, kulturgintzan, hedabideetan, gizarte bizitzan, lan-munduan, taberna, merkatarien eremuan eta abar. Ondorioz, oraingoan, Euskaraldiak norbanakoen inplikazioa bilatu badu ere, hurrengoan taldeen inplikazioa bilatu beharko du, euskararen erabilera bultzatzeari begira arnasgune berriak irabaziz. Beraz, bakoitzak bere buruari galdetu beharko dio zein den herri honekiko duten gizarte erantzukizuna, zein den bakoitzak egiten duen eta dezakeen ekarpena euskara eta euskal kultura biziberri daitezen. Talde esanguratsuek aztertu beharko dute gizarteari bizkarra ematen segitu nahi duten ala gizartearekin batera ahalegin kolektibo horren parte eta eragile izan nahi duten.