PASA den astean Urkullu lehendakaria eta beste agintari batzuk epaileek antolatzen dituzten festa horietako batera joan ziren. Festa hitza gehiegikeria da zalantzarik gabe, barkatu, ikasturte judizialaren hasieran EAEko justizia erakundeek antolatzen duten ekitaldia deitzea askoz egokiagoa, objektiboagoa, izango da. Kontu aspergarria. Urteroko erritoa betiko sineskeriak errepikatzeko: justizia berdina dela guztiontzat, justizia independentea dela eta abar. Oihartzun txikia du jaiak normalean, baina aurten zaratatxoa, apur bat, piztu du. Gutxiegi nire ustez, zeren ekitaldian gertatutakoak laburbiltzen baitu EAEko egoera politikoa beste ezerk baino hobeto.
Ekitaldi horretan Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak (luzea gauza, bai), Juan Luis Ibarra jaunak, adierazi zuen erabakitzeko eskubidearena konstituziotik kanpo dagoela guztiz eta ahazteko, hitz askoz jantziagoekin, nola ez, epaileen gaztelaniak duen barrokotasun guztiarekin. Entzuleen artean lehendakaria zegoen, esan dut, Legebiltzarraren presidentea eta Espainiako Gobernuaren ordezkaria, besteak beste. Nik Ibarra jaunaren hitz barrokoen atzean errieta entzun dut, errieta serioa, ea zer ari zareten Legebiltzar horretan estatus berriarrekin edo dena delakoarekin, kontuz ibili. Ez dakit Bakartxo Tejeria andreari hitza eman zioten ekitaldian, hedabideek ez dute ezer argitzen; agian pentsamendua beste parlamentuko presidentearen egoerara joango zi-tzaion, Forcadell andrearen kar-tzelara alegia.
Urkullu lehendakariak bai, Urkullu lehendakariak hitz egin zuen Estatutua, oraingoa, bete behar dela esateko, eskumenak gora eta eskumenak behera, konstituzio barruan dagoen legea dela eta abar. Eskale baten irudia etorri zi-tzaidan gogora.
Absurdoaren antzerkia txiki gelditzen da. Egoera kanpotik eta aurretik ezer jakin gabe ikusiko lukeen edozeinek berehala ulertuko zuen nork agintzen duen benetan, noren eskuetan dagoen dena, tituluen eta karguen atzean non dagoen egiazko boterea. Festa batzuk aspergarriak izan daitezke, edo argiegiak.