NeKEZ desegiten da. Negutearen paisaiaren enfokerako sistema ederra da elurra. Dena zuritzean lausoaren abantaila izaten da, osorik berdin ikusteko joera amaiezina, tentaldi paregabea. Eta halakoa izan da negu honetako mezua. Hotz eta zuriegia datorrela dio. Baina edertasunetik urrun, kalapita sortu da Espainia aldean berarengatik. Milaka lagunek gaua pasa behar izan zuten errepidean botata, garbiketarako azpiegitura minimorako antolakuntzarik gabeko gobernuaren eskasia eta alferkeria agerian utzita.
Sasoiaren elementu arruntak gobernarien sasi-kontrola eta jendearekiko euren destaina azaleratu ditu garbiki. Arazoaren aurrean, gero, inortxok ez du esango zein den erruduna, zein izan den agindu okerrak banatu dituena, eta betiko legez, umeak bailiran, batak besteari bizkarreratuko dio hutsegitea. Espainia aldean ohikeria dena berriz ikusi dugu: inork ez du bere dimisioa aurkeztuko, alderdi espainolisten jesarlekuak bero mantentzeko ezarri baitira; gutxi hitz egiten bada, urak bere bidean jarraituko baitu laster batean.
Azkenean entzun behar izan genuen gidariak izan direla arazo osoa sortu zutenak, eta ez egoera aldrebestuaren aurrean inolako fintasunik gabe aritu diren hainbat entitatetako nagusiak. Botereak handiuste bilakatzen ditu, desafiatzaile, soberbio, eta enpatikotasun gutxiko.
Baina elurtzaren epikotasunaren beste emaitzetako bat elkartasuna izan da. Non eta lintxamendu etenbakoa jasan duen herri demonizatu batean: Altsasun. Ezjakin doilor askoren arabera infernu bera gauzatu izan da beti Sakanako herri horretan, baina oraingoan uste horiek ustel, eta ez dute baliorik izango, herri horrek sekulako erantzuna izan baitzuen elurrak tapatu nahi zituen bidaiari desesperatuekin. Justiziak kriminalizaturiko herriak besoak zabalik hartu zituen etxerako bidean loturik gelditu ziren familia asko. Batzuk hunkituta lotu ziren han emaniko epeltasunarekin, herrikideek etxeetako ateak zabaldu baitzituzten gaua berotan pasa zezaten. Gutxitan horrelakorik, eta elkartasuna euskal bazterretan, anitzetan.