TXIKITAN ba da adin-tarte bat zeinean amesgaiztoak izatea normala den. Nahitaez pasa behar da hortik, garai horretan ikasten baitu haurrak imajinazioak sortutako alegiazko gertaerak eta errealitatea bereizten. Handik aurrera jakingo du muga zertan da-tzan, baina hori jazo bitartean, iraganbidean egoten da eta gauean agertzen zaizkion munstroak amaren besoak bezain egiazkoak direla uste izaten du. Horregatik, biharamunean ere gogoratu egiten du eta asaldaturik jarraitzen du, zer gerta ere.

Adinean aurrera egin ahala, gaitasun berriak eskuratzen ditugu eta amesgaiztoek ez dute horrenbesteko min egiten, edo hala beharko luke. Baina ez da horrela izaten beti. Batzuetan txikitako ezinegon ezagun hori berritu egiten zaigu, beste behin ere, nekez bereiz ditzakegulako amesgaiztoak eta errealitatea.

Joan den domekan Kataluniako erreferenduma galarazteko indarra erabiltzea aukeratu zuen Espainiako Gobernuak. Ikusi dugu: gazteak jipoitu zituzten eskolako sarreran, adineko jendea kolpatu zuten hautets-ontzietara inguratu ez zitezen. Debekaturiko munizioa erabili zuten modu baketsuaz aurre egiten ari ziren herritarren kontra. Hautua izan zen, aukera librea, irtenbide gehiago zeudelako eta guztien artean poliziaren bortizkeria lehenetsi zuen. Ikara ematen du, eta niri min egiten didate oraindik hango irudiek, ongi dakidalako ez direla biharamunean desegingo, ez direla ahaztuko.

Ez dakigu zer datorren honen ostean, baina bidean mugarria izan da. Lurralde berri baten kokatu gaitu, eta ez dakigu nolakoa den eremu berri hori, orain arte ez baita inongo mapatan jaso izan. Saiatzen gara oraingo urrats hau eta gero zein beste pauso datozen aurresaten, baina alferrik da, honaino ekarri gaituen ibiltzeko manerak ez baitu zertan hurrengo epe honetarako balio izan beharrik.

Zerbait aldatu da, zerbait berri eta sakona azalera irten da, eta mapa berriak asmatzea dagokigu. Ez dakigu nora, baina badakigu nondik: amesgaiztoak errealitatean txertatu nahi dituenetik zenbat eta urrutiago, hobe.