KONPARAZIO baterako, udako erromesaldia kezka nagusi dugunok gutxi ba-tzuk gara munduan, baina beste konturik ez dabil hitzetik hortzera gure artean. Sukarra piztu zaigu. Eguraldi ona edo oso ona (kontzeptu gisa) eskaintzen duen munduko bazterrik urrutienetara lekualdatzea fenomeno ia naturala dela barneratu dugu, eta erabat arrotza den izakiren batek en-tzungo balitu geure arteko hitz-aspertuak, erraz pentsatuko luke hegazti migratzaileak garela; nonbait, berezko instintuari jarraituta toki epelagoen bila etengabe joatera derrigortuta gaudela edo.

Zerbaiten falta adierazten du horrek, falta kroniko bat, egiturazkoa.

Asmatuko bagenu zertan datzan hu-tsune hori, zer den zehazki ihes egin beharrak ezkutatzen duen gabezia, baliteke hobeto ulertzea guztia. Garai baten egunkariek zekartzaten hitz-jokoetako bat da geure bizimodua: falta den hizkia aurkitu arte, ezin da ulertu aurrez aurre dugunaren esangura osoa.

Urteko estresarengandik ihes, bake bila doala esan dit adiskideak, baina berehala kontatu dizkit oporrak antolatzeko zailtasunak, seme-alaba zaharren egutegi zoroekin bat egiteko ezinak, eta zenbat kostatu zaien guztiek gustukoa izango zuten lekua aurki-tzea. Bake-bila doa, baina arnas-estuak airean ibili da hotela edo apartamentua, autoa edo trena, hondartza edo mendialdea, han edo hemen aukeratu behar dugulako. Beste leku batzuk ezagutzeko plazerraz hitz egin dit beste adiskide batek, baina lepoa jokatuko nuke gure herriko edozein kantoitan aurki genitzakeen jatetxeetara sartuko dela, etxeko jana bezalakorik ez dagoela hamaika aldiz errepikatuta, eta ohiko kafearen antzik ez duen edabe arraro hori hartu beharraz madarikazioka jardungo duela etxera itzuli arte.

Zerbait falta zaigu, baina hutsune hori bete baino, hutsarteko izakiak gara.

Miguel Hernandez olerkariak idatzi zuen: “Ezin dut burutik kendu falta zaidan hori”. Lerro artean irakurri behar da hitzek egiazki zer esaten diguten ulertu ahal izateko. Isiltasunik gabe ez dago musikarik; iluntasunik gabe ez dago distirarik: hutsunerik gabe, ezin, itxuraz, asebete.